160 milioi euroko salmentak sortu ditu altzarien Renove planak

Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro banatu ditu kontsumitzaileen artean, iragarri baino 18 milioi euro gehiago

Erredakzioa
Donostia
2009ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Bukatu dira altzariak erosteko Eusko Jaurlaritzak eman dituen diru laguntzak; ustekabeko emaitzekin, gainera. Hiru aste eta erdian, 160 milioi euroren salmentak izan dituzte planera lotutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako altzari dendek. Eta Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro banatu behar izan ditu azkenean, iragarri baino 18 milioi euro gehiago.

Bernabe Unda Industria sailburuak adierazi duenez, plana amaitzeko egun baten faltan, 43.387 eskaera zituen kudeatuak SPRI Industria Sustatzeko eta Eraldatzeko Baltzuak. Etxebizitza bakoitzeko laguntza eskaera bakarra egin daitekeela kontuan izanik, planaren onurak 43.387 sendik izan dituztela zehaztu du Undak.

Altzarien Renove planaren barruen egin diren erosketek 25,5 milioi euroko BEZ Balio Erantsiaren Zerga sortu dute. Beraz, BEZari esker, Jaurlaritzak aurrekontua handitzeko jarri dituen 18 milioi euroak berehala berreskuratuko dituela azaldu du Industria sailburuak. «Eusko Jaurlaritzak inbertitutako euro bakoitzeko beste zortzi sortu dira». Kontsumitzaileen erantzuna aurreikusi zitekeena baino hobea izan dela ere esan du.

Guztira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.467 altzari denda lotu dira plan horretara, eta erosketaren bat egin duen etxebizitza bakoitzak, batez beste, 450 euroko laguntza jaso du.

Plana «motz» geratu da

Enbor Euskal Herriko altzari ekoizleen elkartearen ustetan, «motz» geratu da altzarien Renove plana, kontsumitzaileei ez dielako aukerarik eman «heltze prozesu bat behar duten erosketak egiteko», egongelako, logelako eta sukaldeko altzariak kasu.

Enborreko idakari nagusi Leire Aldabaldetrekuren hitzetan, euren elkarteko kideek egiten dituzten altzariak erosi aurretik, «dendara behin baino gehiagotan joan behar izaten dute bezeroek», dirutza gastatu behar izaten dutelako. Hiru asteotan egin diren erosketa gehienak, ordea, «bat-batekoak» izan ei dira. Dena dela, plana baliagarria izan dela deritzo, dendetan «mugimendu handia» sortu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.