175 milioi euroko koska

Enplegua eta formazioa sustatzeko hobariak ez direla politika aktiboen eskualdatzearen parte berretsi du Jaurlaritzak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2009ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Enplegu politika aktiboek duten balio ekonomikoari buruz dauden desadostasunak agerian geratu ziren berriro atzo, eskumen hori eskualdatzeko negoziazioen egoerari buruz informatzeko Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak egin zuenagerraldian. Oraindik ez dute akordioa itxi, baina gobernuak aurreratu du mahaian aztertzen ari diren kontuen artean ez daudela enplegua eta prestakuntza sustatzeko hobariak.

Eskualdatzeari buruz eztabaida dialektikoa izan zuten Manuel Salinero Lehendakaritzako idazkariak eta Ricardo Gatzagaetxebarria legebiltzarkide jeltzaleak. Bien arteko ezadostasuna zenbaki batek laburbiltzen du: 175 milioi euro. Hobariak aintzat hartzen ez badira, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu berriak jasoko ez duen dirua izango da.

Politika aktiboen eskualdatzea finantzatzeko bidea Kontzertu Ekonomikoa izango dela hitzartu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Irizpide hori hartuta, aurten Espainiako Enplegu Zerbitzuek ia 7.500 milioiko aurrekontua dute zeregin horiek finantzatzeko. EAEri dagokion partea %6,24 izango litzateke. Hots, 475 milioi euro inguru. Horratx EAJk eskatzen duen dirua.

Haatik, 7.500 milioi euroko kopuruari 2.800 milioi kentzea onartu du Patxi Lopezen gobernuak. Kontratazioa eta prestakuntza sustatzeko enpresei eskaintzen zaizkien hobariak dira. Diru hori Gizarte Segurantzako kutxa bakarraren parte dela dio Espainiako Gobernuak, eta iritzi horrekin bat egin du Jaurlaritzak. Diru hori gabe, eskumenarekin batera 300 milioi iritsiko dira. «Gutxienez», zehaztu zuen Zabaletak.

Langileentzako mezua

Lanbide berriak prestakuntza, bitartekaritza, orientazioa eta enpleguaren sustapena hartu ditu bere gain. Enplegu Zerbitzu Publikoan INEMetik eskualdatutako funtzionarioak, Lan saileko langileak eta Egailan nahiz egungo Lanbideko beharginak ariko dira. «Inork ez du ezer galduko eskuduntza jasotzen dugunean», ziurtatu zien sailburuak.

Berriro ere Lanbide zuzenbide pribatuko erakundea izatea defendatu zuen, eta 2012rako Enplegu Legea indarrean egongo dela espero du, egitura finkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.