Otsailean gora egin du langabeziak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, urtarrileko langabe kopuruarekin alderatuta. 229.118 behargin zeuden lanik gabe, eta, beraz, urtarril amaieran baino 1.784 langabe gehiago zeuden. Langabezia tasa, beraz, %17,5ekoa da, joan den urtarrilean baino dezimal bat gehiago. 2013ko otsaileko datuekin alderatuta, berriz, jaitsi egin da langabe kopurua: iazko otsailean baino 5.412 langabe gutxiago daude. 2014. urtea hasi zenetik, guztira, 10.284 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. Izan ere, urtarrilean bakarrik, 8.500 lanpostu desegin ziren.
Soilik Nafarroan egin du behera langabe kopuruak otsailean, apal bada ere. Aldiz, Bizkaian hazi da gehien langabezia tasa, batez beste: %1,25. Sektoreka, nekazaritzan eta, batez ere, zerbitzuetan egin du gora langabe kopuruak, eta behera industrian.
Datuak
Araba: otsail bukaeran, 28.040 langabe. Urtarriletik, +307 (%+1,11); 2013ko otsailetik, -278 (-%0,98).
Bizkaia: otsail bukaeran, 98.844 langabe. Urtarriletik, +1.222 (+%1,25); 2013ko otsailetik, -372 (-%0,37).
Gipuzkoa: otsail bukaeran, 49.152 langabe. Urtarriletik, +336 (-%0,69); 2013ko otsailetik, -1.320 (-%2,62).
Nafarroa: otsail bukaeran, 53.082 langabe. Urtarriletik, -81 (-%0,15); 2013ko otsailetik, -3.442 (-%6,09).
Hego Euskal Herria: otsail bukaeran, 229.118 langabe. Urtarriletik, +1.784; 2013ko otsailetik, -5.412.
Gizarte Segurantza
Afilizazioari dagokionean ere Hegoaldeko datuak ez dira onak. Otsailean 1.112.326 lagun zeuden Gizarte Segurantzan izena emanda, joan den urtarrilean baino 2.788 lagun gehiago, baina duela urtebete baino 6.015 lagun gutxiago.
Zergatik jaitsi da afiliazioa eta zergatik jaitsi langabe kopurua urtebetean? Biztanleria aktiboaren gorabeheretan erreparatzea komeni da, datuak hobeto ulertzeko. Izan ere, iazko otsailetik aurtengora 26.200 kotizatzaile galdu ditu Hego Euskal Herriak. Faktore konbinazio bat gerta daiteke beherakada hori azaltzeko: etorkin batzuk euren herrialdeetara itzuli izana, euskal herritar batzuk atzerrira joan izana lan bila eta erretiroa hartu dutenen kopuruak gora egin izana.
Aldi baterako kontratuak
Kontratu kopuruak behera egin du otsailean joan den urtarrilarekin alderatuta: 15.361 kontratu gutxiago. Gutxiago eta prekarioago. Kontratuen %92,3 aldi baterako kontratuak izan dira, eta %7,6 bakarrik kontratu mugagabeak. Kontratu moten proportzioa ia ez da aldatu iazko otsailetik, ezta joan den urtarriletik ere.
Ezkor eta baikor
Euskadiko CCOOk "oso txartzat" jo ditu otsaileko langabezia datuak. Nabarmendu du, gainera, otsailean EAEn sinatutako kontratuetatik %4 baino ez zirela izan mugagabeak. "Kontratu berrietan nagusitu den prekarietatea" erakusten du horrek sindikatuaren arabera. Horrez gain, azpimarratu du Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan langabezian daudenen %70ek ez dutela langabezia saririk kobratzen. Euskadiko CCOOk gogorarazi du egoera bereziki gordina dela zerbitzuen sektorean: sektore horretan 122.000 lagunek galdu dute lanpostua otsailean, industria sektorean, berriz, 25.000 lagunek. "EAEn ez dago baikortasunerako tarterik", sindikatuaren esanetan, eta murrizketa politikekin jarraitzeak langabezia, pobrezia eta desberdintasun sozial handiagoak ekarriko dituela ohartarazi du.
Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroa, ostera, baikor agertu da. Espainian 1.949 langabe gutxiago zenbatu zituzten otsailean. 2007tik langabe kopurua lehenengo aldiz jaitsi dela eta, pozik agertu da Fatima Bañez ministroa: "Espainia norabide onean doa erreformekin. Bi urteko krisiaren ostean, erreformak fruituak ematen hasi dira". 68 hilabetez Gizarte Segurantzak behera egin ostean, urte arteko konparazioa eginda otsailean lehenengo aldiz eten da odolustea. Guztira 16,2 milioi kotizatzaile daude Espainian, iazko otsailean baino 61.557 gehiago. Dena dela, ez da bolanderak botatzeko datua, %0,38ko igoera baino ez baitu suposatzen. Gainera, Gizarte Segurantzaren afiliazio maila 2003koa baino txikiagoa baita. Espainiako Gizarte Segurantzak, hortaz, hamar urte baino gehiago egin du atzera.