20.000 milioi euroko laguntza emango diote Hungariari

Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Batasunak eta Munduko Bankuak lagunduko dute

Erredakzioa
2008ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Analistek aurreikusitako diruaren bikoitza emango diote nazioarteko erakundeek Hungariari maileguetan, bertako ekonomia laguntzeko: 20.000 milioi euro. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) 12.500 milioi euro, Europako Batasunak 6.500 eta Munduko Bankuak mila milioi. Hilabete honetan bertan 5.000 milioi euroko mailegua ere hitzartu du Europako Banku Zentralarekin. Hungariako Gobernuak 17 hilabetean itzuli beharko du NDFren mailegua.

Finantza krisiari aurre egiteko NDFren laguntza jasoko duen hirugarren herrialdea da Hungaria: Ukrainak 13.000 milioi euro jasoko ditu eta Islandiak 1.650. Europako Batasunak lagundu duen lehen herrialdea izango da, 1990eko hamarkadan Italia lagundu zuenetik.

«Laguntzak berrindartu egingo du Hungariako ekonomiaren epe motzeko egonkortasuna eta hobetu egingo du epe luzera begira duen potentziala», esan zuen atzo Dominique Strauss-Kahnek, NDFko zuzendari nagusiak.

Hala ere, Andras Sinor Hungariako Bankuko gobernadoreak uste du Hungarian euroa indarrean jartzea dela krisia konpontzeko modurik onena. Hala ere, Hungariak ez ditu betetzen euroa indarrean jartzeko baldintzak.

Krisiak gogor astindu du Hungaria: bertako moneta (forint-a) eta burtsa amildu egin dira, nazioarteko inbertsiogileen konfiantza galdu du eta bertako bankuen likidezia arazo larriak dituzte.

Erresuma Batua errudun

Finantza krisiak Europan herrialde bat kaltetu badu, hori Islandia da. Bertako Atzerri ministroak, Ingibjord Solrun Gisladottirrek, Erresuma Batuko Gobernua egin du Islandiako ekonomiaren «suntsipenaren» errudun.

Erresuma Batuko erakundeek, enpresek eta herritarrek diru asko inbertitu zuten Islandiako finantza erakundeetan. Erakunde horiek porrot egin ostean, Erresuma Batuko Gobernuak blokatu egin ditu Islandiako finantza erakundeek Erresuma Batuan dituzten ondasunak, terrorismoaren kontrako legea baliatuz. Atzerri ministroak kexa helarazi dio Erresuma Batuko Parlamentuari: «Ez du zentzurik Ekonomia Ministerioaren webgunean Islandiako konpainia bat Al Kaedarekin batera ikusteak», salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.