Orain bi urte halako bederatzi irabazi zuen Arcelorrek iaz: 2.314 milioi euro garbi. Europako Batasuneko bezeroei saldu zizkien ekoizpen osoaren hiru herenak. Denera, 31,9 milioi tona altzairu gordin jarri zituen merkatuan eta 30.176 milioi euro kudeatu zituen. «Mugarri» dira 2004ko irabaziak, konpainiako presidente Guy Dollek atzo goraipatu zuenez.
Espainiako Aceralia, Frantziako Usinor eta Luxenburgoko Arbed konpainien batasunetik jaio zen Arcelor, 2001ean, eta, harrezkero, urterik urte emaitza hobeagoak lortzen ari da. Ia 125 milioi euro galdu zituen 2002an, 257 milioi irabazi 2003an, eta halako bederatzi 2004an. Jauzi ikaragarria, duda barik.Ustiapenari lotutako etekin gordinak %95 handitu eta 4.134 milioi euro irabazi zituen. Arcelorrek %16ko negozio bolumen handiagoa kudeatu zuen iaz: 4.000 milioi euro gehiago ia-ia. 12.317 milioi euroko funts propioak zeuzkan, orain bi urteko 8.139 milioien aldean, eta zor handia kitatu zuen. Urtebetean, 4.464 milioitik 2.512 milioira gutxitu da taldearen zorra.Emaitzen harira, Dollek iragarri zuen irabazi «are handiagoak» lortuko dituela Arcelorrek aurten. «Motel dabil eskaria Europan, eta zenbait lehengai ikaragarri garestitu dira. Aitzitik, errentagarritsunak gora joko du». Arcelorrek ez du lantegirik itxiko ez aurten ez hurrengo urtean, eta Asiara eta Hego Amerikara hedatuko da, «inguru horietan haziko baitira altzairu salmentak gehien». Jakinarazi zuen garatzeko bidean dauden herrialdeetan gertatuko dela kontsumoaren hazkundearen %80. Ildo horretatik, Dollek ezinbestekoa iritzi zion Brasilgo eta Argentinako enpresa filialen ekoizpena bikoizteari. Turkia izan zuen hizpide, halaber. «Gure produktuak estimatzen ditu eta altzairu kontsumoa nabarmen haztera doa».
Kritika klima aldaketaren aurkako politikari
Kritikatu zuen, bestalde, «lokarriak» falta zaizkiola Bruselak klima aldaketaren harira diseinatutako politikari; izan ere, «estatuen esku utzi du CO2 isurtzeko eskubideen banaketa eta ez dago orekatuta». Arcelorrek 2007ra arte jaso dituen baimenak nahikoak direla, eta eskubiderik erosi beharko ez duela uste du. Dena den, abisua eman zuen Dollek: «2007tik aurrera trabak jartzen badizkigute, beste leku batera joango gara».
ALTZAIRUGINTZA
2003an halako bederatzi irabazi zuen iaz Arcelorrek: 2.314 milioi
«Beste norabait» joango da CO
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu