Bigarren egunez jarraian, euroak inoiz dolarrarekiko lortutako baliorik altuena eskuratu zuen atzo. Dibisa merkatuetan 1,28 dolarreko maila erraz gainditu zuen goizean zehar, nahiz eta arratsaldean 1,27ren inguruan kotizatu zen, inbertsoreek irabazitakoa patrikaratu egin nahi izan zuten eta.
Europako Banku Zentralak 1,2756an finkatu zuen truke balio ofiziala. EBZko gobernadoreen batzarrak bihar egingo du urteko lehen bilera, eta ez da espero interes tasak aldatzea%2an daude. Hala ere, litekeena da Jean Claude Trichetek aipamena egitea euroaren indarrari buruz, esportazioei egiten ari zaien kalteak lehen alarmak piztu baititu. Goldman Sachs bankuak Volkswagen eta BMW autogile alemaniarren tituluen kalifikazioa jaitsi zuen atzo, euro indartsuak min handia egingo diela iritzi diolako. Klaus Zimmermannek, DIW Alemaniako Ikerketa Ekonomikorako Institutuko presidenteak, ohartarazi zuen euroak 1,30 dolarreko muga gainditzen badu «egoera nahasten» hasiko litzatekeela.Duela gutxi arte ezinezkoa zirudien maila hori aste honetan bertan gainditzeko moduan dago euroa, bilete berdearen ahulaldiak ez baitu parekorik. Euroarekiko baliorik txikiena du orain dolarrak, baina beste diruekiko ere antzera dabil: 11 urteko baliorik txikiena libera esterlinaren aurrean (1,8277), hiru urteko txikiena yenarekiko, hamar urtekoa Kanadako dolarrarekiko eta sei urtekoa Australiako dolarrarekiko.Eta beherantz jarraituko duela espero dute analista guztiek. Batetik, esportazioak errazten dituen heinean, Washingtongo gobernuari komeni zaiolako merkataritza defizit erraldoia estaltzeko; eta bestetik, AEBetan interes tasak %1ean egonik, kanpoko inbertsoreek ez dutelako arrazoirik etekin txikia emango dieten herrialde horietako aktiboetan eta tituluetan inbertitzeko. Dolar ahulak ere baditu ondorio onak Europarentzat. Esaterako, diru horretan ordaintzen diren inportazioak (petrolioa eta gasa batez ere) merkatzen ditu.
2004. urtea ere dolarrarekiko mailak hausten hasi du euroak
Kezka hedatu arren, Trichetek aipamen bat besterik ez dio egingo EBZren biharko bileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu