Hiru urteko beheranzko joera hautsi zuten 2003an mundu osoko burtsek, eta adituen usteak betetzen badira, 2004 ere urte ona izango da balore merkatuentzat. JPMorgan Fleming-eko adituek iragarri dute Europako merkatuak %10 eta %15 artean haziko direla 2004an; %10eko igoera aurreikusi dute Morgan Stanleykoek, nahiz eta ohartarazi duten euroak indartzen jarraitzen badu agian ez dela maila hori igoko.
2003an, indize batzuek 90eko hamarkadako igoera maila historikoetara hurbildu ziren: New Yorkeko Nasdaq Composite, esaterako, %50 hazi zen, inoizko hirugarren urterik onenean. Indize horretan biltzen dira teknologia berriekin lotutako baloreak, hain zuzen ere, espekulazio burbuilaren leherketan gehien galdu zutenak. Gehientsuenak zulo beltzean zeudelako igo dira, oso gutxik lortu baitituzte irabazi sendoak. Edonola ere, azken 12 hilabeteak ez dira nahikoa izan Ameriketako Estatu Batuetako merkatuek aurreko hiru urteotan galdutakoa berreskuratzeko. Horrela, 1998an Standard&Poor 500 indizeko balore batean 1.000 dolar jarri zituen inbertsoreak 973 dolar izango lituzke gaur egun. Europan ere emaitza onak izan zituzten burtsa nagusiek:Alemaniako Dax igo zen gehien (%37) eta haren atzetik hazi ziren Madrilgo Ibex-35 (%28), Parisko CAC40 (%15) edo Londresko FTSE-100 (%13).Igoera ikusgarriagoak gertatu dira Bangkoken (%116), Buenos Airesen (%105), Jakartan (%62) edo Hong Kongen (%34). Lau urtez behera egin ondoren, Tokioko Nikkeik %24 berreskuratu zuen.
URTE OPAROA BURTSAN
2004an ere urte ona espero dute merkatuek
2000az geroztik galdutakoaren zati bat berreskuratu dute mundu osoko burtsek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu