Lehenbiziko lanak joan den otsailean hasi ziren, Rivabellosa herriaren parean, Arabako hegoaldean, eta irailean sarbideak eta orubea urbanizatzeari ekin zioten. 2005eko urtarriletik aurrera, ordea, beste jauzi bat egin eta lehenbiziko industria-nabeak eraikitzen hasi nahi dute.Lehenbiziko bi pabilioi horiek 10.000 metro koadro izango dituzte, eta AP1 autobidearen ondoan kokatuko dituzte, gunearen «erakusleiho» izan daitezen. Merkatuaren erantzuna ikusita, halaber, beste bi orubetan 50.000 metro koadro gehiago eraikitzen hastea onartu du Arasurreko administrazio kontseiluak. Hain zuzen ere, 22.000 metroko bi pabilioi handi izango dira.Arasurreko agintariek ez dute jakinarazi sektoreko enpresekin dituzten tratuak. Hala eta guztiz ere, logistika enpresa bat 22.000 metroko eraikin horietako batean aritzeko prest dagoela onatu dute. «Elkarrizketak hasi ditugu baina ezin dugu xehetasunik eman», zehaztu zuen Hernandez kudeatzaileak.Arasurreko buruzagiak baikor azaldu ziren, eta datorren urteko «urrian edo irailean» enpresaren bat plataforman lanean hastea espero dute. «Eskatzen dizkiguten instalazio guztiak ez ditugu prest izango, azkarregi joatea litzatekeelako, baina udazkenean lanean hasteko adina bai», nabarmendu zuen Fernando Hernandezek.
Lehentasuna pabiloiak alokatzea da, eta ez saltzea
Hamar urteren buruan bi milioi metro koadro izango ditu Arasurrek. Inbertsioa 360 milioi eurokoa da, guztira. Plataforma logistikoa Arabako hegoaldean dago, eta lotura zuzena du Burgos-Armiñon eta Bilbo-Zaragoza autobideekin eta Madril-Irun autobiarekin. Halaber, Castejon-Bilbo eta Madril-Irun trenbide sareak baliatu ahalko ditu, merkantziak trenaren bidez Santurtziko eta Pasaiako portuetara igorri ahal izateko. Ildo horretan, Miranda de Ebroko (Espainia) tren geltokiarekin elkarlana funtsezkoa izango dela ustedute. «Guzti horri Forondako karga aireportuaren hurbil dagoela gehitzen badiogu kokapena ezin egokiagotzat jo behar dugu», Gregorio Rojo Arasurreko presidentearen irudiko.
Arasurren bokazioa ez da orubeak saltzea, baizik eta pabilioiak eraiki, kudeatu eta alokatzea. «Oso zorrotzak izango gara, balio erantsi handiko plataforma izango baita. Pabilioi eta nabe logistiko antzekoak izatea nahi dugu, eta ez enpresa bakoitza bere kasa eraikitzen ibiltzea», azaldu du kudeatzaileak. Uneotan, hala ere, orubeen salneurriak eta politika komertzialak definitu gabe dituzte.
-
TRENBIDEA
Renferekin hizketan geltoki multimodalerako
Arasurreko proiektu estrategikoen artean errepide, trenbide eta portuen artean merkantziak mugitzeko geltoki multimodala sortzea dago. Zuzendaritzak onartu duenez, Renferekin negoziazioak «aurreratuta» zeuden geltokiaren ardura har zedin. Gelditu behar izan dituzte, ordea, urtarrilaren 1ean sektorea liberalizatuko baita eta Renfe bere egitura moldatzen hasi delako. Hilabete batzuk barru erabakiko du Arasurrek zerbitzu hori nori esleitu.