2006tik ekainik onena izan da, %2,62 gutxitu baitira langabeak

Maiatzean baino 5.000 lagun gutxiago daude izena emanda Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoen bulegoetanGuztira 186.114 lagun daude lanik gabe, iazko ekainean baino %11,26 gehiago

Donostia
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Abian da udako oporraldirako atzera kontaketa. Batzuentzat urteko egunik lasaienak izango direnak, urteko egunik mugituenak izango dira beste batzuentzat. Zerbitzuen sektoreko enpresa askorentzat, esaterako, uztaila eta abuztua izaten dira urteko hilabeterik onenak. Lan kargaren hazkundeari erantzuteko langile berriak kontratu behar izaten dituzte, eta langabezia datuetan antzeman egiten da hori. Hala gertatu da aurten ere: bigarren hilabetez jarraian, jaitsi egin da langabeen kopurua. Ekainaren bukaeran, 186.114 lagunek zuten izena emana Lanbideren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan, maiatzean baino 5.005 lagun edo %2,62 gutxiagok.

Aurtengoa aspaldiko ekainik onena izan da: bost urte ziren urteko seigarren hilabeteanlangabezia horrenbeste jaisten ez zela. 2006ko ekainean bai, orduan %4,44 gutxitu ziren langabeak, baina krisiak eztanda egin zuenetik, apalagoak izan dira jaitsierak: 2007an%1,74koa, 2008an %0,54koa, 2009an %1,85koa eta 2010an %2,37koa. Aurten, ostera, maiatzetik ekainera %2,62 gutxitu dira langabeak.

Beharrik gabe daudenen kopurua lau herrialdeetan txikitu da gainera. Jaitsierarik handiena Gipuzkoan izan da, %3,18koa; egun 41.474 langabe daude, maiatzean baino 1.363 gutxiago eta %12koa da tasa. Bizkaian, %2,63 txikitu da langabeen zenbatekoa; egun 81.098 langabe daude, maiatzean baino 2.231 gutxiago, eta %15,67ko da tasa. Nafarroan, berriz, 41.700 lagun daude lanik gabe, maiatzean baino %2,51 gutxiago, eta %13,93koa da langabezia tasa. Azkenik, Araban, 21.842 langabe daude, maiatzean baino %1,53 gutxiago, eta %13,21ekoa da tasa.

Urtebetean langabeziak izan duen bilakaerari erreparatuz gero, ordea, ezin esan datuak horren onak direnik. Iazko ekainean 167.282 lagun zeuden lanik gabe; aurten, aldiz, %11,26 gehiago. Beharrik gabe daudenen zenbatekoa Bizkaian ugaritu da gehien, %17; iaz baino 11.806 lagun gehiago dira. Araban %13,4koa izan da hazkundea; Gipuzkoan %9,7koa; eta Nafarroan %2koa.

Zerbitzuak indartsuen

Jarduera sektoreei dagokionez, guztietan jaitsi da langabezia, nekazaritzan izan ezik. Garai honetan ohikoa den gisan, murrizterik handiena zerbitzuen sektorean izan du: enplegu zerbitzu publikoek maiatzean baino 3.630 langabe gutxiago zenbatu dituzte (-%3,1). Industrian 941 lagun gutxiago daude lanik gabe (-%3) eta 485 gutxiago eraikuntzan(-%2). Gizonezkoen artean %3,52 gutxitu da langabezia eta %1,68 emakumeen artean. Horrenbestez, 97.262 emakume eta 88.952 gizonezko daude lanik gabe. 25 urtez azpikoen artean, maiatzean baino ia 3.000 lagun gutxiago daude lanik gabe.

Langabeak gutxitu ahala, handitu egin da egindako kontratuen kopurua. Ekainean, orotara 90.480 kontratu sinatu dira Hego Euskal Herrian, maiatzean baino %8,52 eta iazko ekainean baino %4,56 gehiago. Hori bai, sinatu diren hamar kontratutatik bederatzi baino gehiago aldi baterakoak izan dira, %94,3 hain zuzen.

Gizarte Segurantzan afiliatutakoen zenbatekoak, berriz, gorabehera handirik gabe agurtu du hilabetea. Guztira 1.196.708 lagun daude Gizarte Segurantzan, maiatzean baino 86 gehiago. Aldiz, iazko ekainetik hona jaitsi egin da afiliatuan kopurua; duela urtebete baino 5.958 lagun gutxiago dira orain.

Balioespen baikorra

Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua tentuz aritu da balioespenak egiterako orduan, «lanik gabe dagoen pertsona bakoitzaren atzean familia egoera edo egoera pertsonal zail bat dagoelako». Hala ere, ontzat eman ditu ekaineko datuak, « langabezia Espainiako batez bestekoa baino gehiago jaitsi delako, 2006az geroztik ekainik onena izan delako eta langabezia gehien 25 urtez azpikoen artean jaitsi delako». Espainian 4.121.801 lagun daude lanik gabe, maiatzean baino 67.858 edo%1,62 gutxiago. Hirugarren hilabetez jarraian jaitsi da langabezia.

Hala ere, emaitzak onak izanagatik, «ekonomiaren bilakaeraren inguruko espektatibak handitzeko eta hobetzeko» lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du Zabaletak, horrek langabeen kopurua gutxitzea ahalbidetuko duelako.

Gizarte Segurantzan afiliatutakoen kopurua handitu izana ere datu pozgarria dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak. «Seigarren hilabetez jarraian hazi da zenbatekoa; horrek esan nahi du urtarrilean baino 7.000 afiliatu gehiago gaudela». Zabaletak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak bakarrik hartu zituen kontuan.

UGT-Euskadik ere ontzat eman ditu ekaineko datuak, baina ohartarazi du datuotatik ezin dela ondorioztatu joera aldaketarik, «ekaina koiuntura ekonomikoren ikuspuntutik urteko hilabeterik onenetakoa delako, eta jaitsierak horri erantzun diezaiokeelako». Horrez gain, langile berriak kontratatzeagatik enpresei ematen dizkieten diru-laguntzen politikak errotik aldatzeko eskatu dio administrazioari. Izan ere, sindikatu horren ustetan, enplegu egonkorra sustatzea izan behar lukete helburu laguntza horiek.CCOO sindikatuak, berriz, lan merkatuaren erreforma kritikatu du, ez delako gai izan merkatuan zeuden arazoak konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.