«Inguruko enpresetan gertatzen ari denaren lekuko da Pasaiako portua, bertatik sartu eta irten egiten direlako lehengaiak». Hitz horien bidez laburbildu du Joxe Juan Gonzalez de Txabarri Pasaiako portuko presidenteak 2008an krisiak Gipuzkoako portuan izan duen eragina. Izan ere, hainbat urtez 5 milioi tonako trafiko mugimendua izan ostean, krisiak ere jo du bertako atea, eta 4,7 milioi tonetaraino jaitsi da, 2007an baino %5,9 gutxiago.
Atzo, Gonzalez de Txabarrirekin batera, Gregorio Irigoien Pasaiako portuko zuzendariak eta Gorka Reizabal webguneko arduradunak, iazko denboraldiko emaitzen berri eman zuten, eta www.puertodepasajes.net webgune berria aurkeztu zuten.
Emaitzak, orokorrean, gazi-gozoak izan dira. Txanponaren alderdi ona siderurgia izan da: %17 hazi da, inportazioak eta esportazioak kontuan hartuta. Alde txarra, berriz, txatarra eta ikatza izan dira. Irigoienek berak onartu du biak dexente jaitsi direla, azkenekoa, gainera, %42tik gora. Guztira, aurreko urtean baino 270.000 tona ikatz gutxiago mugitu ziren iaz, eta 150.000 tona txatarra gutxiago. Eraikuntzako krisiaren eraginez, etxeak eraikitzeko materialaren trafikoak ere behera egin du 2008an: ia %73.
Autoen trafikoak datu hobeak izan ditu, 305.000 ibilgailuko marka hautsi baitu. 2007tik %1era ere ez da iristen hazkundea, baina emaitza positibotzat jo du Irigoienek, autogintzan egon den krisia kontuan hartuta. Urtero bezala, siderurgia, txatarra, ikatza eta autogintza izan dira sektore garrantzitsuenak inportazioetan eta esportazioetan.
Bigarren maila batean beste produktu batzuen trafikoa ere igo egin da: paperarena, ongarriena, eta zerealena. Azken horrek izan du hazkunderik nabarmenena, eta gariaren inportazioak, esaterako, %30 inguru hazi dira. Arrainaren trafikoa %14 inguru igo da, eta 12 milioi tona inguru mugitu dira portuan. Egoera ekonomikoa kontuan izanda, garrantzitsutzat jo dute esportazioetan lortutako emaitza, %28 igo baitira; inportazioak, berriz, %16 jaitsi.
Urte «atipikoa»
Irigoienek 2008a urte atipikotzat jo du, eta bi zatitan banatu daitekeela adierazi du: lehenengo hiru hiruhilabeteetan iazko emaitzak berdindu zituztela jakinarazi du, eta urria amaieran marka hori gainditzea ere lortu zutela. Aldiz, azaroan eta abenduan iritsi da zuloa. Irigoienen arabera, bi hilabete horietan nabaritu dute krisia, hein handi batean, eta «asko», gainera.
Hala ere, Irigoien baikor azaldu du iaz lortutako emaitzekin; aurtengorako, berriz, zalantza gehiago ditu. Aurreikuspenak egitea «zaila» dela adierazi du, eta ez du kopuru zehatzik eman nahi izan. Baina «ia-ia seguru» merkantzia trafikoa iazkoa baino txikiagoa izango dela uste du, behintzat, lehen hiruhilekoan: «Zoritxarrez, guk ere nabarituko dugu krisia».
2008an Pasaiako portuko trafiko mugimendua %5,9 jaitsi da
Urtea bi garaitan banatu du agintaritzak: lehen hiru hiruhilekoetan hazkundea izan du, eta azkenekoan beherakada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu