Euskadiko CCOOk bihar hasiko du X. Kongresua, eta afiliatuak galduta iritsiko da bertara. Duela lau urtetik 2.500 afiliatu galdu dituela esan du sindikatuak, hau da, 54.553 ordezkari denera. Joera hori azken urteetan galdu den lanpostu kopuruari egotzi dio sindikatuak: "Araban eta Bizkaian industrian eta eraikuntzan eduki dugu ordezkaritzarik gehien, eta azken urteetan sektore horietan galdu da lanpostu gehien", Euskadiko CCOOko Sabino Santolaya finantza idazkariaren esanetan. Jaitsiera horretan datu positiborik ere aurkitu dute sindikatuko ordezkariek, afiliazio tasan, hain zuzen. 2009an Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko soldatapeko langileen artean %7,44 sindikatuko afiliatuak dira —duela lau urte %7,18koa zen datu hori—.
Datu horiek guztiak ikusita, Unai Sordo idazkari nagusiak balorazio "nahiko ona" egin du. "Kontuan hartu behar da bajen %97 ekonomia arrazoiengatik izan direla", haren esanetan. Eta afiliazio tasaren datua azpimarratu nahi izan du: "Lauko sindikalismo batean, datu hori lortzea azpimarragarria da".
Euskadiko CCOOk, hala ere, finantzaketa datuak ere nabarmendu nahi izan ditu. "Azken boladan behin eta berriro esaten baitute diru laguntzetatik bizi garela sindikatuak", Sordoren esanetan. Baieztapen horri erantzuteko, ikuskatutako datuak eman dituzte: aurrekontuaren %83,97 baliabide propioekin estaltzen dute —%80 afiliazioen kuotetatik—, eta gainerakoa, diru laguntza publikoetatik.