Leiho berriak jartzeko diru laguntzek izan duten arrakasta ikusita, 2010eko maiatzean edo ekainean berriz martxan jartzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Aurten, hilabete baino ez dute iraun laguntza horiek, iragarritako sei milioiko aurrekontua berehala gastatu delako. Hain zuzen, hilabetean, 8.500 eskaera jaso ditu laguntzak kudeatzen dituen Energiaren Euskal Erakundeak. Eta, azkenean, Eusko Jaurlaritzak 7,5 milioi euro bideratu behar izan ditu laguntza horietara.
Industria sailaren arabera, urtea amaitzerako eskaera guztiak ebatzita egongo dira, eta eskatzaile bakoitzak batez beste 877 euroko laguntza jasoko du. EEEren arabera, emandako laguntzek 30 milioi euro mugituko dituzte leihoak jartzeari lotutako industria jardueretan. Leiho berriak jarri dituen familia bakoitzak, berriz, urtean batez beste 200 euro aurreztuko ditu, energia gutxiago gastatuko baitu.
Eusko Jaurlaritzaren gainerako Renove planek martxan jarraitzen dute oraindik, aurrekontua bukatu ezean abenduaren 31ra arte. Etxetresna elektrikoetan, 22.350 gailu erosteko laguntzak tramitatu dira dagoeneko, baina oraindik aurrekontuaren erdia gelditzen da.
Autoak erosteko laguntzetara bideratutako aurrekontutik, berriz, erdia baino gutxiago geratzen da. Guztira 600 autorentzako laguntzak agindu zituen Eusko Jaurlaritzak eta dagoeneko 339 esleitu ditu. Azkenik, galdarak berritzeko laguntzei dagokienez, orotara 323 eskaera jaso ditu EEEk, eta horietatik 280 onartu.
2010ean leihoak jartzeko laguntza gehiago ematea aztertzen ari da Jaurlaritza
Hilabetean amaitu dira laguntzak, eta hasierako aurrekontua sei milioi eurotik zazpi eta erdira handitu behar izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu