2011ko hazkundea ez da aski izango langabezia nabarmen jaisteko

BPGari dagokionez, krisia amaitutzat jo du Euskadiko Kutxak, baina lan merkatuak beste urte bat beharko du sendotzekoEsan du nazioarteko ziurgabetasun egoerak baldintzatuko dituela aurreikuspenak

Ezkerretik hasita, Joseba Madariaga eta Xabier Egibar, azterketaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / AGENTZIA.
Ivan Santamaria.
Bilbo
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko hazkunde ekonomikoak abiadura hartuko du heldu den urtean. Bultzada horri esker, okupazioak gora egingo du, baina ez da aski izango langabezia tasak nabarmen jaisteko. Euskadiko Kutxak plazaratutako aurreikuspenen arabera, gutxienez beste urte bat beharko du ekonomiak lanpostuak berriro normaltasunez sortzen hasteko.

«Produktuari dagokionez, krisia amaitu da», laburbildu zuen Joseba Madariaga Euskadiko Kutxako Ikerketa zuzendari eta Deustuko irakasleak. Aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %0,24 haziko dela kalkulatu du. Eusko Jaurlaritzak emandako azken datu ofizialarekin — %0,2 iragarri berri du — bat dator. Datorren urteari begira, barne produktu gordina %1,36 handitzea espero du Euskadiko Kutxak, berriro ere Jaurlaritzak eman duen azken datuarekin sintonian (%1,4).

Azken azterketen arabera, okupazio tasa handitzeko gutxienez %0,34 haztea behar dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoak. Hori dela eta, heldu den urtean okupazioa igotzea «bermaturik» dagoela azpimarratu zuen Madariagak. Aldiz, langabezia murrizteko gutxienez %1,53 haztea beharko litzateke. Arau erabat finkoa ez bada ere, kopuru horiek bete izan dira azken garaietan. Aurten, batez besteko langabezia %10 izango da, eta heldu den urtean, %9,4. Gutxi gorabehera, gaur egun baino 6.000 langabe gutxiago utziko lituzke emaitza horrek.

Hazkundea barne eskaerak eta kanpo sektoreak gidatuko dutela uste du Madariagak. «Errenta gehiago esan nahi du okupazioa igotzeak, eta kontsumoak zerbait tira egitea espero dugu. Esportazioek ere hamarren bat gehituko dute». Sektoreei dagokienez, industriaren eta zerbitzuen ekarpena erabakigarria izango da.

Nafarroak, berriz, 2010ean izan duen hazkundea nabarmendu du Euskadiko Kutxak. Aurten %1,15 haziko da Nafarroako ekonomia, eta heldu den urtean, %1,52. Langabezia tasa aurtengo %11,2tik %10,6ra murriztuko dela kalkulatu du finantza erakundeak. Murrizketa lortzen bada, 2.000 langabe gutxiago egongo dira.

Zalantza asko oraindik

Azterketaren ondorioek ekonomia normaltasunez garatuz gero balio dute. Baina azken urteek, ekonomian, denetarik izan dute, normaltasuna izan ezik, eta oraindik ere ziurgabetasun handia dagoela onartu zuen Madariagak. 2010ean hasitako tentsio batzuk bere horretan jarraituko dute. Zor publikoari lotutako buruhausteetatik aparte, AEBen diru politikaren ondorioei eta loraldian dauden ekonomien berotze posibleari adi egon beharko dela iragarri zuen.

Zorraren krisiari dagokionez, Europako Batasunean erreforma instituzional sakon bat ezinbestekotzat jo zuen Xabier Egibarrek, Euskadiko Kutxako negozioburuak. «Egungo arazoak behin betiko bideratzea Europa gehiagorekin bakarrik izango da posible».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.