Krisiaren unerik zailena iragana da, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustetan. «Lurrikararen okerrena pasatu da, baina astindua hain izan da indartsua, denbora batez haren ondorioak jasan beharko ditugula».
Hobekuntza ahulak aurreikusi ditu datorren urterako, nola lanpostuen sorrerari hala Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren hazkundeari dagokienez. Aldiz, 2012ak beste kolore bat izango du, langabezia «modu adierazgarrian» jaitsi eta Barne Produktu Gordina %2tik gora haziko delako. «Soilik enplegua sortzen hasten garenean esan ahal izango dugu krisitik irten garela».
Lopezek gogorarazi du, bere taldeak krisiaren unerik gogorrenean hartu zuela Eusko Jaurlaritzaren buruzagitza, iazko bigarren seihilekoan %3,6 uzkurtu zelako urte arteko BPGa eta %6,8 ugaritu zirelako langabeak. Hala ere, «bistakoa zena ukatu gabe, egia esan, krisia onartu eta hari aurre egitera mugatu ginen». Eta bide horretan hartu dituzten neurriek krisitik sendo irteteko bidea ematen dietela baieztatu du.
2010a hazkundearekin amaitzea espero du, «hazkunde txikiarekin, baina azken finean hazkundearekin». Langabezia izango da, ordea, arazo nagusia, «iaz baino askoz mantsoago bada ere, hazi egingo delako oraindik». Horiek horrela, nahiz eta krisitik 2010ean irten, aurreikuspenek ez dute asebetetzen Lopezen gobernua.
Dena dela, «baikor» begiratzen dio etorkizunari, haren ustetan, EAEk inguruko autonomia erkidegoek baino baldintza hobeak dituelako krisiari aurre egiteko. «Gainera, nazioarteko ekonomiak bere onera datorren sintomak erakusteak, besteak beste, Frantzia eta Alemania herrialdeei hobeto lotu ahal izatea ekarriko dio Euskadiri, dituen ezaugarriengatik».
2012ra arte langabezia ez da «modu adierazgarrian» jaitsiko, Lopezen esanetan
Datorren urterako ekonomiaren hazkunde ahula aurreikusi du lehendakariak; 2012rako, aldiz, %2tik gorakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu