2013 arteko epea izango dute udalek diputazioei aurtengo zorra itzultzeko

Bizkaian eta Gipuzkoan 2011n hasiko dira ordaintzen, eta Araban, berriz, laurdena soilik pagatu beharko dute

Erredakzioa
Donostia
2009ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Foru aldundiek malgutasunez jokatuko dute udalek zor dieten diruarekin. Bizkaian eta Gipuzkoan 2011. eta 2013. urteen artean itzuliko dituzte 325 milioi euro. Araban, bederatzi milioi soilik pagatu beharko dituzte orain, eta gainontzeko beste 30 milioi dirusarrerak aurreikusitakoak baino handiagoak direnean.

Eudelek eta aldundiek atzo iragarri zuten azken asteotan zorra itzultzeko negoziatu duten formula. «Berri ona da, diru guztia orain bueltatu behar izango balute, itogarria izango litzatekeelako udalerri askorentzat», adierazi du Eudelek.

Araban, 39 milioi euro zor dizkiete udalek Aldundiari, baina 2010ean 9,84 milioi pagatuko dizkiete. Gainontzekoa Egonkortze Funtsera joango da. Diru hori etorkizunean konpentsatuko da, bilketa errealak aurrekontua gainditzen duenean.

Bizkaian, udalek zor dituzten 219 milioiak 2011 eta 2113 artean pagatuko dituzte. 2010ean ez dute ezer pagatuko, eta interesak Aldundiak hartuko ditu bere gain.

Sistema hori baliatuko dute Gipuzkoan ere, eta araudia aldatuko dute, udalek gastu arrunta ordaintzearren zorpetzeko aukera izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.