Nafarroako Gobernuak artean ez du aliaturik lortu parlamentuan, langile publikoek Eguberrietan jaso dezaten datorren udarako aparteko ordaina. Neurri hori sostengatzeko hautagai nagusiak, PSNk, kontraproposamena egin dio Yolanda Barcinaren gobernuari: bi pagatu beharrean, datorren urtean hiru paga ordaintzea.
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak atzo azaldu zuenez, bere taldeak uste du artean posible dela Nafarroako 25.000 langile publikoei aurten Eguberrietako aparteko saria abenduan pagatzeko. Baina estatuko abokatuak «baliogabetuko» balu, proposatu du datorren urtean hiru aparteko sari banatzea: urtarrilaren hasieran bat, udan beste bat eta Eguberrietan azkena. «Funtzionarioek dagokiena jaso behar dute. Abenduko saria ez da opari bat; haien soldataren zati bat da», azaldu du, eta aurtengo saria kentzearen aurkako botoa emango duela iragarri.
Edonola ere, Jimenezek auzitan jarri du Barcinaren argudioa, hots, Nafarroak ez lukeela arazorik aurten neguko paga emateko. «Ez dauka dirurik. Gobernutik atera ginenean esan genuen [aurrekontuetako] zuloa handiagoa zela». Horregatik, erronka bota dio presidenteari: «Barcinak esaten badu ez dagoela inolako arazorik, pasatu ditzala 50 milioi euro datorren urteko aurrekontura, horixe baita pagaren kostua. Erraza da, gogo kontua baizik ez, baina arazoa da ez zaizkiela kontuak ateratzen».
Beste bi proposamen ere egin ditu PSNk Nafarroako Parlamentuan. Batetik, ondare zergan deklaratzeko salbuetsita dauden ondasunen balioa 700.000 eurotik 311.000 eurora jaistea. Bestetik, gizarteratze errenta eta ikasteko bekak bahituezinak izatea.
Botoak falta zaizkio
Langile publikoek soldata bat gal ez dezaten formula bat bilatzearen alde azaldu da Txentxo Jimenez NaBaiko parlamentaria. Herenegun aipatu zuen 2015ean hiru ordainketa izateko aukera: urteari dagozkion biak eta aurten atzeratutakoa. UPNk PSNren, NaBairen edo Bilduren botoak behar ditu bere proposamenak aurrera egin dezan. Ikustekoa da PPren jarrera, Barcinaren proposamena Madrilen agindu bati izkin egiteko modua delako.
Sindikatuen artean, ELAk etaLABek ziurtatu dute «adar jotzea» dela. UGTk, berriz, aurrerapausotzat jo zuen herenegun, eta CCOOk ere bide horretatik jo zuen atzo. «Mugimendu bat da bide onean», ziurtatu du Javier Ibañez zerbitzuetako arduradunak, eta langileen mobilizazioaren ondoriotzat jo du. Edonola ere, ziurtatu du aurten galdutakoa noizbait berreskuratu behar dela.
2013an sektore publikoan hiru sari izatea nahi du PSNk
Jimenezek uste du Iruñeko gobernuak ez duela dirurik bere langileei Eguberrietako paga aurten emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu