Eustat estatistika institutuak jakinarazi duenez, 2014ko bigarren hiruhilekoan 5.000 langabe gutxiago zeuden, eta %15 da orain langabezia tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 157.800 dira langabeak hiru herrialdeetan. Gizonezkoak dira 84.300 —1.500 gutxiago bigarren hiruhilekoan—, eta emakumezkoak 73.500 —3.500 gutxiago—.
Okupazioaren hazkundeak emakumeei eragin die batez ere; 4.300 emakume landun gehiago izan dira aurreko hiruhilekoan baino. Gizon landunak, bestalde, 2.000 gehiago izan dira. Lurraldeen arabera, Gipuzkoan daude landun berri gehiago (3.700); ondoren, Araban (1.400), eta, azkenik, Bizkaian (1.100).
Okupazioaren gorakada zerbitzuetan eta lehen sektorean gertatu da gehienbat. 6.500 landun gehiago izan dira zerbitzuen sektorean, eta 2.000 gehiago nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan; eraikuntzan eta industrian, ordea, 1.100 gutxiago daude bakoitzean.
Kontratu mugagabea duten soldatapeko langileak 8.800 gutxiago izan dira (524.100 guztira), eta 12.300 gehiago aldi baterako kontratua dutenak edo kontraturik ez dutenak (176.500).