Barne Produktu Gordina

2015 urterako hazkunde aurreikuspena igo du Eusko Jaurlaritzak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia aurten %2,3 handituko dela kalkulatu du, orain arte espero zuena baino sei hamarren gehiago.

Familien kontsumoak gora etenik gabe egingo duela aurreikusten du Jaurlaritzak. MARISOL RAMIREZ, ARP
Ivan Santamaria.
2015eko martxoaren 30a
08:03
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak EAEko ekonomiaren hiruhilabetekaria argitaratu du gaur. Horren barruan 2015. urterako hazkunde aurreikuspenak eguneratu dituela jakinarazi du. Orain artekoekin alderatuz, gorakada nabarmena egin die aurreikuspenei. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia aurten %2,3 haziko dela kalkulatu du.

Azken aurreikuspena joan den urteko urrian egin zuen Iñigo Urkulluren gobernuak. Horren arabera, aurten barne produktu gordina %1,7 haztea espero zuen. Sei hilabete geroago, sei hamarren gehiago izango dela ondorioztatu du.

Faktore ezberdinak aipatu ditu Ekonomia eta Ogasun Sailak aldaketa oinarritzeko. Barne eskaera indatzea espero du, batetik. "Familien kontsumoak erritmo bizian egingo du gora", ziurtatu du. Eskaera horretan kontsumo pribatua izango da tiraka egingo duen aldagai nagusia, %2,5eko hazkundearekin.

Eskaintzaren esparruan ere industriak eta zerbitzuak BPGetik tiraka egingo dute. "Ekipamendua berritzeko beharra, enpresen balantze onbideratuak eta kreditua lortzeko erraztasun handiagoa daude goraka horren oinarrian", dio Jaurlaritzak. Eraikuntzak urte arteko tasan hazkunde negatiboa izango du, baina urteko azken hiruhilekoan %0ra iritsiko da. Sektore horretan "suspertzeko zantzuak" sumatu ditu gobernuak.

Datu horien ondorioz enplegu eta langabezia aurreikuspenak ere hobetuko direla uste du Jaurlaritzak. Hala, langabezia tasa, batez beste, %13,7ra jaitsiko dela kalkulatu du, orain arteko %14,9arekin alderatuta. Enplegu kopuruari dagokionez, urtearen joanean %1,6 igoko dela espero du. Gutxi gora behera, 14.000 lanpostu garbi sortuko lirate, kalkulua betetzen bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.