EKONOMIA

2016an baino jende gehiagori onartu diete errenta bermatua Nafarroan, eta diru gehiago jaso dute

Herrialdeko ekonomian ere eragin positiboa izan du errentak: 1.239 lanpostu eta 15,3 milioi zergetan.

Miguel Laparra, Gizarte Eskubideetako lehendakariordea (erdian); Gema Mañu, Gizarte Babeseko zuzendari nagusia; eta Garapen Kooperazioko zerbitzuburu Andres Carbonero, gaurko agerraldian. BERRIA
Ion Orzaiz.
2018ko urtarrilaren 30a
13:24
Entzun

Urtebete luze igaro da laukoak errenta bermatu berria ezarri zuenetik, eta 2017ko balantzea egin du Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako lehendakariorde Miguel Laparrak. "Oso balorazio positiboa" egin du, "gizarte eskubideen alorrean lortutako aurrerapausoez gainera, ekonomiaren esparruan ere oso onuragarria izan delako".

Guztira, 35.514 pertsonak jaso dute errenta, 15.918 familiatan banatuta. Horietatik, 12.700 inguru adingabeak izan dira. 2016ko datuekin alderatuta, %11,37 hazi da onuradunen kopurua, eta UPNren azken agintaldian baino %36 gehiago. Laparraren esanetan, gazteak eta 65 urtetik gorakoak izan dira laguntzen handitzearen onuradun nagusiak.

Baina hartzaileak ez ezik, banatutako diruen poltsa ere hazi da urtebetean: batez beste, 641 euro jasotzen du onuradun bakoitzak hilean, 2014an baino %27,2 gehiago (lehen 504 euro ziren).

Laparraren esanetan, onura sozialez gainera, onura ekonomikoak ere ekarri ditu errenta bermatuak: "98 milioi euro inbertitu ditugu, eta 98,2 milioi itzuli dira Nafarroako ekonomiara. Inbertitutako euro bakoitzeko 1,002 euro jaso ditugu bueltan, eragin zuzenak, zeharkakoak nahiz induzituak aintzat hartuta". Besteak beste,15,3 milioi euro jaso ditu Nafarroako Ogasunak, errenta bermatutik eratorritako zergetan.

Enpleguari dagokionez, 1.239 lanpostu berri sortu dira errenta bermatua indarrean jarri zenetik: horietatik, lanpostu zuzenak dira 754 (errentaren onuradunek lortutakoak), 228 zeharkakoak eta 248, berriz, "errentak ekonomian izandako eragin positibotik eratorritakoak".

Lehendakariordeak gaineratu duenez gobernuak eten egin du Caritasekin zuen hitzarmena, errentaren emaitza onak ikusita: "Errentaren diru kopurua aurreratzen zuen Caritasek, baina kudeaketa hobetu egin dugunez, jada ez dugu aurrerapen horren beharrik".

Azkenik, Madrilek utzitako zuloa estali dutela ere esan du Laparrak: "Prestaziorik gabeko pertsonekiko arretaren esparruan, defizita utzi zuen Espainiako Estatuak, baina hori betetzea lortu du Nafarroak, baliabide propioekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.