Hartzekodunen konkurtsora jo duten konpainia entzutetsuak izan dira 2017an: Naval ontziola, Edesa Industrial (Fagor Etxetresnen ondorengoa), CEL papergilea... Baina zerrenda dezente luzeagoa da, zehazki, 298 izenekoa. Axesor rating agentziak publiko egindako datuen arabera, iaz 298 enpresak erregistratu zituzten hartzekodunen konkurtsoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kopuruak gora egin du 2016arekiko, %15,1 enpresa gehiago baitira.
Urteko azken hilabetea ez zen bereziki txarran izan, abenduan hamazazpi konpainiak jo baitzuten hartzekodunen konkurtsora, aurreko urteko abenduan baino %29,2 gutxiagok.
Ildo berean, txarrera egin du ekintzailetasunak ere. 2016an baino %2,4 enpresa gutxiago sortu ziren hiru lurraldeetan iaz: 2.970 guztira. Abendua, kasu honetan ere, ez zen hilabete txarra izan: 238 enpresa berri sortu ziren, 2016ko hilabete berean baino %14,4 gehiago.