Aurreikuspen ekonomikoak

2018an 21.000 lanpostu sortuko dira Hego Euskal Herrian, Laboral Kutxaren arabera

Datorren urterako aurreikuspen ekonomikoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %2,7 haztea espero du kreditu kooperatibak, eta Nafarroakoa %2,8.

Joseba Madariaga eta Xabier Egibar.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko abenduaren 14a
20:13
Entzun

Munduko ekonomia momentu “gozoan” dagoela esan du Xabier Egibarrek, Laboral Kutxako negozio garapen arloko zuzendariak. Azaldu du hazkundea “sinkronian” gertatu dela munduko hainbat txokotan, eta horrek eragina izan duela euskal ekonomian. Hain da gozoa oraingo egoera, non urtea amaitzerako munduko BPGa %3,1 haztea aurreikusi baitu Laboral Kutxak bere aurreikuspenean. Eta datu horien parekoak izango lirateke Hego Euskal Herrikoak ere: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %3 haziko da urte amaiera arte, eta Nafarroakoa, %3,1. Langabezia tasa %10,3 izango da Nafarroan 2017. urtea amaitzen denean, eta %11,5ekoa EAEn.

Hori, urte honi dagokionez. Datorren urtera begira ere jarri da Laboral Kutxa, eta, haren arabera, euskal ekonomiak hazten jarraituko du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG %2,7 handituko da, Nafarroakoa %2,8, eta langabezia tasak behera egiten jarraituko du. Nafarroako tasa %9,6 izatera iritsiko da, eta EAEkoa, %10,5. Denetara, datorren urtean 21.000 lanpostu sortuko dira Hegoaldean aurreikuspen horien arabera, horietatik 5.000 baino gehiago Nafarroan.

Egibarrek azaldu du 2017. urtea positiboa izan dela, brexit-aren eta Trumpen hauteskundeetako garaipenari behar bezala erantzun zaiolako, eta Frantzia eta Alemaniako gobernabidea ez delako auzitan jarri, nahiz eta Alemaniak oraindik gobernurik ez eduki. Laboral Kutxak uste du martxoan Italian egingo diren hauteskundeek arriskua ekar dezaketela, Europako Batasunarekin kritiko den Bost Izar mugimenduak baduelako irabazteko aukera: “Baina horren ostean akordio bat lortuko dela espero dugu”. Berdin gertatuko da, haren ustez, Kataluniako auziarekin. Orain arte euskal ekonomian ez du hainbeste eragin, eta ez du uste aurrerantzean ere eraginik izango duenik. Gainera, auzia akordioren batez amaituko delakoan dago. Dena dela, esan du Espainiako ekonomiari eraginez gero horrek eragin diezaiokeela Hegoaldekoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.