Bankuak

2019an handitu egin zen soldata milioiduna zuten bankarien kopurua Europan

4.963 izan ziren milioi bat eurotik gora irabazi zutenak, aurreko urtean baino %0,51 gehiago. Ingalaterrako bankari batek 64 milioi euro irabazi zituen.

Gizon bat HSBC bankuak Londresen duen bulego baten aurretik pasatzen. ANDY RAIN / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko abuztuaren 18a
16:16
Entzun

Europako bankari aberatsek ez zuten krisirik nozitu 2019an. EBA Europako Banku Agentziaren arabera, urte hartan handitu egin zen milioi bat euro baino gehiago irabazi zuten bankarien kopurua. Europan 4.963 izan ziren diru sari hori jaso zutenak; aurreko urtean baino %0,51 gehiago, hain zuzen.

Txostenaren arabera, bankari aberats gehienak Erresuma Batuan bizi dira: 3.519, guztien %71. Hori bai, urte hartan, %2,6 jaitsi zen kopuru hori, hainbatek lekualdatzea erabaki baitzuten. Handik kanpo, Alemania izan zen bankari milioidun gehien hartu zituen herrialdea: 492. Hurrengo, Frantzia eta Italia, 241ekin. EBAren ustez, bi dira antzeko kopuru bat mantendu izanaren arrazoiak. Batetik, hainbat bankuk izandako emaitza onak; eta, bestetik, finantza erakunde handiek eginiko barne berrantolaketa lanak.

Txostenaren ezaugarriak ikusita, ezin da Euskal Herriaren kalkulurik egin. Hego Euskal Herrian egon daitezkeenak, baina, Espainiaren barnean zenbatzen ditu. Espainian, 2019an, 163 bankarik irabazi zuten milioi bat baino gehiago. Horien %60,1ek milioi bat eta bi milioi euroren artean irabazi zuten. 30ek irabazi zuten bi eta hiru milioi euro artean, eta hemezortzik, berriz, hiru eta lau milioi artean. Europan gehien irabazi zuen bankaria Ingalaterran bizi zen, eta 64 milioi euro irabazi zituen urte hartan.

Txostena irakurri nahi izanez gero, hemen (ingelesez).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.