Hamar urte barru Araba, Bizkai eta Gipuzkoan saltzen diren ibilgailuen %10 elektrikoak izateaposible dela uste du Jose Ignacio Ormaetxe Euskal Energia Erakundeko (EEE) zuzendariak. Azken bi urteetako datuak oinarri hartuta, urte bakoitzeko 5.000 auto elektriko errepidean jartzea litzateke.
Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak eta saileko beste ordezkari batzuek atzo Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, gobernuaren helburuak azaldu zituen Ormaetxek.
Auto elektrikoa sustatzeko hainbat lan ildo egin dituzte Industria Sailak eta EEEk. Esaterako, ibilgailu horien erabilera bultzatzeko asmoz, enpresa pribatuei eta erakunde publikoei horiek erosteko laguntzak ematea aztertuko dute.
Era berean, autoak alokatzen dituzten enpresa «berritzaileak» eratzen lagundu nahi dute. Alor horretan, car sharing deritzon negozio ereduan inbertitu nahi du gobernuak. Autoa denbora labur baterako -normalean, ordu bat edo bi- alokatzeari dagokio kontzeptu hori. Besteak beste, horren bidez herritar arruntek argindarra erregai duten ibilgailuak probatu ahal izango dituzte.
Edonola ere, erronkarik handiena orain bateria hobeak lortzea dela gogoratu zuen Ormaetxek. Ildo horretan, autogintzaren eta energiaren klusterrek joan den otsailean sinatu zuten akordioa azpimarratu zuen Unda sailburuak. Donostian EBko industria ministroek auto elektrikoari buruz egin zuten bilera ez formalean egon izana defendatu zuen, gainera. «Han egotea geure erabakia izan zen».
2020an saltzen diren autoen %10 elektrikoak izatea espero du EEEk
Argindarra erabiltzen duten ibilgailuak eros ditzaten, laguntza eskainiko zaie erakunde pribatu eta publikoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu