Gaur egun hilean 707,6 eurokoa da lanbide arteko gutxieneko soldata Espainian eta Hego Euskal Herrian, eta hiru urte barru 850 eurokoa izango da, 142 euro gehiago. Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidenteak sinatu du gaur ituna, Moncloan, Unai Sordo (CCOO), Pepe Alvares (UGT), Joan Rosell (CEOE) eta Antonio Garemendirekin (Cepyme) batera.
Igoera %20koa da, baina ez da kolpean egingo, pausoka baizik: datorren urtean 28,3 euro handituko da, hilean 736 euroraino, hamalau ordainketatan: %4ko igoera izango du beraz, eta 10.304 eurokoa izango da urte osoko gutxieneko soldata. 2019an %5 handituko da, hilean 773 eurotara (10.819 euro urtean); eta 2020an %10 egingo du gora, hilean 850 euroraino (11.901 euro urtean).
Baldintza garrantzitsuak
Nolanahi ere, igoeraren akordioa sinatzeak ez du esan nahi automatikoki igoko denik gutxieneko soldata. Izan ere, bi baldintza garrantzitsu jarri dituzte adostutako igoerak egin ahal izateko: batetik, Espainiako BPG barne produktu gordina %2,5etik gora hazi behar da; eta, bestetik, Gizarte Segurantzaren afiliatu kopuruaren urteko igoera 450.000 pertsonakoa izan behar da batez beste. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez dago adostutako igoerarik. Kasu horretan, Espainiako Gobernuak neogizazio prozesu bat abiatuko luke sindikatuekin eta patronalarekin, hurrengo urteko gutxieneko soldataren zenbatekoa zehazteko.
Gainera, akordioak dio ez direla igoerak aplikatuko gutxieneko soldata erreferentziatzat daukaten hitzarmen kolektiboetan, "distortsio ekonomikorik" ez eragiteko. Datorren urteko %4ko igoera barikuan onartuko dute Madrilen, ministroen kontseiluan.