Beldur pixka bat bazioten iazko bigarren seihilekoari Gipuzkoako Bazkundean, baina gauzak uste baino hobeto joan dira, eta, 2018an baino 0,9 puntu gutxiago hazi arren, 2019. urtea %2,2ko hazkundearekin itxi du Gipuzkoako ekonomiak. Dena den, bilakaera ez da berdina izan sektore guztietan. Adibidez, industriaren sektoreak —eta ez alor guztiak— igarri die automobilgintzak izan dituen egiturazko aldaketa guztiei, eta nabaritu du nola moteldu den Alemaniako hazkundea ere. Joera hobea izan da, berriz, bai zerbitzuen sektorean, bai eraikuntzaren alorrean.
Aurten ere ekonomiaren hazkunde erritmoa apalduko dela uste du merkataritza ganberak, baina jaitsiera txikiagoa izango da, eta barne produktu gordina %1,9 handituko da. Horrekin batera, herrialdeak enplegua sortzen jarraituko duela aurreikusi du Gipuzkoako Bazkundeak, 3.000-4.500 okupatu gehiagorekin amaituko dela 2020a. Ganbera baikorragoa da 2021. urteari begira, eta ordurako aurtengoak baino emaitza hobeagoak espero ditu, ziklo aldaketaren zantzuak ikusten dituelako.
Pedro Esnaola Bazkundeko presidentea urte honetarako ikusten dituen aukerez eta mehatxuez aritu da. Haren ustez, mundu mailako %3,3ko hazkundea batez ere garapen bideko ekonomien bilakaeran oinarrituko denez, «garrantzitsua da arrantza toki berri horietan sartzeko lana egitea, gure esportazio oinarria hedatzea». Hain zuzen, esportazioei buruzko datu esanguratsu bat eman du Javier Zubia Bazkundeko idazkari nagusiak: Gipuzkoako esportazioak azken zazpi urteetan %30 hazi dira.
Inbertsiorako oraindik garai onak direla uste dute merkataritza ganberako arduradunek, aintzat hartuta likidezia egon badagoela merkatuan, interes tasa txikiei esker. Gipuzkoako ekonomian gero eta pisu gehiago duen turismoaren sektorea aurten ere indartsu haziko dela uste du Esnaolak.
Mehatxuei buruz, ganberako presidentearen ustez, bazkide komertzial nagusien —Alemania, Frantzia, Italia— neurrizko bilakaerak eragina izango du Gipuzkoaren ibilbidean, eta automobilgintzak ere kezka iturri izaten jarraituko du, «nahiz eta uda amaieran seinale positibo batzuk antzeman diren». Ziurgabetasunetan hor jarraituko dute Txinaren eta AEBen arteko talka komertzialek ere, Ekialde Erdiko gatazkek eta horiek petrolioaren prezioan izan ditzaketen eraginek, eta baita brexit-ak ere, «Erresuma Batua irtengo delako, baina oraindik ez dakigulako nola amaituko den irteera hori».
Gipuzkoako merkataritza ganberak herrialdeko enpresen artean egindako galdeketari dagokionez, ondorio nagusia da gehienek egonkortasuna espero dutela beren datuetan. %54k 2019koaren antzeko negozio zifra aurreikusten dute 2020rako; %82k uste dute beren langile kopurua mantenduko dutela; eta %65ek iazko inbertsio mailari eutsiko diotela.
Greba orokorra
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako greba orokorraz ere iritzia eman du Pedro Esnaolak. Haren ustez, «greba ez da ezeren soluzioa», eta «ez du irudi onik ematen bezeroen aurrean». Enpresek aurrean duten «mundu konplexua» aipatu du Esnaolak, nola «guztien ahalegina» eskatuko duten «marjina gero eta estuagoek». Edonola ere, «aldeei» elkarrizketarako deia egin die, «gai hauetan akordioetara irits daitezen».