Autogintza

2030erako %37,5 CO2 gutxiago igorri beharko dute autoek, Europan

Europako Batasunak adostu du autoen CO2aren portzentaje hori jaistea hamar urtean, 2021etik 2030era, eta %15, 2025erako.

Auto baten igorpenak neurtzen. TILL RIMMELE / EFE
xabier martin
2018ko abenduaren 18a
13:14
Entzun

Legea izan dadin Europako Parlamentuak eta Kontseiluak onartu beharko dute, baina erakunde biek adostu dute zenbat CO2 gutxiago igorri beharko duten autoek: 2021. urtetik 2030. urtera %37,5 gutxiago. Helburu horren bidean, beste xede bat ezarri dute akordioan: 2025erako %15eko murriztea egotea. Furgoneten kasuan, %31 izango da jaitsiera. Adostasun horrek ez ditu asebete ingurumenaren aldeko ahalegin handiagoa eskatzen zutenak, tartean, Herbeherak eta Suedia, baina haserretu egin ditu autogintzaren motor direnak, batez ere Alemania.

Europako Batzordeak %30 jaitsi nahi zituen autoen CO2 igorpenak 2030erako; Kontseiluak %35 proposatu zuen; eta %40 Parlamentuak. Salomonen erara, %37,5ean utzi dute helburua Kontseiluak eta Parlamentuak, erakunde bien arteko laugarren negoziazio saioaldian.

Alemaniak 423.000 milioi euroko negozioa dauka autogintzaren sektorean, eta alorreko patronalak oso gaizki hartu du albistea; "Kezka larria" adierazi du, helburuak eskatzen duelako "ezinezko ahalegin bat non gauden kontuan hartuz". ACEA Europako patronalak dio, %37,5eko helburua "erabaki politiko petoa" dela, "errealitate teknologikoa eta sozioekonomikoa aintzat hartzen ez duena". Eta mehatxua ere utzi du mahai gainean: "Zalantzarik gabe, helburu horiek eragin zabala izango dute enpleguan, balio kate osoan zehar; 13,3 milioi langilek dihardute sektorean, Europan".

Erritmoa da eztabaia

Europako Batasunaren kutsadura igorpen guztien %12aren erantzulea da motorraren industria. "Arautegi berriak eragingo du kontsumitzaileek gasolina aurreztea. Berrikuntza bultzatuko du sektoreko industrian, zero igorpenaren bidean, eta ibilgailu garbien lidergoan sendotuko du", esan du Energia komisario Miguel Arias Cañetek.

Talde ekologista askok zalantzan jarri dute horrelako helburua nahiko izango ote den Parisko Itunarekin betetzeko. Erabakia, edonola ere, COP24 klimaren gailurraren ondoren iritsi da, egun gutxira. Finean, autogintzan eraldaketa sakon bat egon behar duela islatu besterik ez du egiten Batasunak lortutako akordioak. Inork ez du jartzen zalantzan eraldaketa hori; benetako eztabaida erritmoak dira, auto garbirako bidaian motelegi joateak ondorio oso larriak eragin ditzakeelako ingurumenean, Europako hiri handietatik hasita; eta azkarregi joateak Europako industriaren erraldoia handiena, autogintza, gehiegi higatu dezakeelako, enplegua eta ekonomia kaltetuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.