21 urteko langile bat hil da Azkoitian gidatzen ari zen makinaren palak jota

Tiago Daniel Dosanjos Sampayo da hildakoaren izena, eta Amenabar enpresak zuen azpikontratatuta

Erredakzioa
Donostia
2009ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Langile bat hil zen atzo Azkoitian (Gipuzkoa) gidatzen ari zen makinaren palak buruan jo ostean. Hildakoak Tiago Daniel Dosanjos Sampayo zuen izena eta 21 urte zituen. Zarauzko Amenabarrek azpikontratatutako enpresa batentzat egiten zuen lan.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, 12:20 inguruan gertatu zen lan ezbeharra, Oinartxo izenez ezagutzen den inguruan. Oraindik ez dago argi zer dela-eta jo zion palak buruan langileari. Horregatik, gertatutakoa gaitzesteaz gain, istripuaren arrazoiak ikertzeko eskatu du Udalak. Era berean, herriko enpresa guztiei prebentzio neurriak hartzeko eskatu die, eta baita kalitateko enplegu egonkorraren alde egiteko ere.

Asteko bigarrena

Atzokoa ez zen izan aste honetan gertatutako lan istripu bakarra. Astelehenean, garraiolari bat hil zen Bilboko portuan, gidatzen ari zen harriz betetako kamioia irauli ostean.

Barruan harrapatuta geratu zen langilea, eta hiru ordu behar izan zituzten suhiltzaileek handik ateratzeko. Bizirik eraman zuten Barakaldoko Gurutzeta ospitalera, baina ordu gutxira zendu zen, zituen zauri larrien ondorioz.

LAB sindikatuak egindako kontaketaren arabera, urtea hasi zenetik 41 lagun hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela. Horietako gehienek eraikuntza sektorean egiten zuten behar eta hainbat metrotatik erori ziren. Era berean, azpikontratatutako enpresentzat aritzen ziren asko eta asko. Sindikatuaren arabera, joan den urtean, 112 izan ziren lanean ari zirela hildako pertsonak.



Zenbakia

41

2009an hildakoak. LAB sindikatuak egindako kontaketaren arabera, urtea hasi zenetik 41 pertsona hil dira lanean ari zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.