Eusko Jaurlaritzako 2.100 langilek erretiro partziala hartzeko aukera izango dute, exekutiboak ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin egindako akordioari esker. Errelebo kontratuaren formulari esker, 61 urte betetzen dituzten Jaurlaritzako langileek erretiroa hartu ahal izango dute, eta haien lekua beste langile batzuek hartuko dute, lantaldearen batez besteko adina gaztetuz. 2019. urtea arte 2.100 izango dira errelebo kontratuaren formulari lotzeko abagunea izango duten langileak. Aurreko legegintzaldian indargabetutako eredua berreskuratu du Eusko Jaurlaritza berriak, horren bestez.
Arlo publikoko sailburuorde Andres Zearretak atzo azaldu zuenez, erretiro partziala hartzen dutenek, lanaorduak %75 murriztu ahal izango dute, eta modu horretan euren lanpostuen %75 beste langileek betetzea halbidetu. Sindikatuekin egindako akordioa hurrengo Gobernu Kontseiluan berretsiko dute.
Osakidetza, Barne saila, Hezkuntza eta Administrazio Orokorrean jarriko dute martxan errelebo kontratua. Aldez aurretiko erretiroa hartzeko baldintzak betetzen dituztenek eskatu ahal izango dute erretiro partziala, 2018ko abenduaren 31 baino lehen. Formulari lotzeko eskubidea duten 2.100 langileen artean gehienak Osakidetzakoak izango dira, 1.600 inguru hain zuzen ere.