EKONOMIA

220 langile kaleratu dituzte jada Azpeitiko Corrugadosetik

Agerraldia egin dute enpresaren aurrean, langileen egoeraren berri emateko. 

Nerea Agudo
2013ko uztailaren 19a
19:30
Entzun

Berrogeiren bat langile besterik ez da gelditzen Azpeitiko Corrugados lantegian, gainontzeko 220ak jada kalean baitaude. Langileak kalean uzteko orduan enpresa “joko zikina eta xantaia” erabiltzen ari dela salatu dute. Lantegiko produkzio guztia geldi dagoela eta eskariei uko egiten eta bezeroak galtzen ari direla. Enpresa langilerik gabe utzi arren, bertako langileak ez daude amore emateko.

Hala adierazi du gaur enpresa batzordeak, “atzo kaleratutakoekin dagoeneko 220 langile daude kalean. Enpresaren asmoa betetzeko, hau da, lantalde osoa kaleratzeko oraindik berrogeiren bat langile falta dira”. Enplegua erregulatzeko espedientean langile guztiak kaleratzeko epea irailaren 30ean bukatuko zela azaldu zuen Alfonso Gallardo taldeak, baina, langileek uste dutenez, lehenago botako dituzte denak. “Ez dugu uste egun horretara iritsiko garenik; enpresak lantalde osoa kaleratzeko dirua jaso duela entzuten da lantegian, eta horrek epe laburrean langile guztien kaleratzea ekar dezake”.

Enpresa, baldintzak sinarazten

Langileak kaleratzeko orduan enpresa beharginekin “joko zikina” egiten ari dela salatu dute langileen ELA eta LABeko ordezkariek: “Langile batzuen egoera pertsonala edo familiako egoera baliatzen ari da enpresa xantaia egiteko. Diru apur bat gehiagoren truke, enpresak kaleratzeko emandako argudioak eta arrazoiak egiazkoak direla sinatzera behartzen ari da hainbat langile. Horrez gain, gero edozein erreklamazio egiteari uko egitea sinaraziz”. Hori “xantaia” dela salatu dute langileek, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean enplegua erregulatzeko espedientearen aurka salaketa jarria dutela gogorarazi dute.

Nahiz eta langile ia gehienak kaleratuta egon enpresaren etorkizuna defendatzen segituko dutela azpimarratu dute. Kanpotik jasotzen ari diren hainbat eskaera baztertzen ari direla salatu dute langileek: “Joan den astean, Ingalaterratik  eskaera bat jaso zuen Azpeitiko Corrugadosek, baina uko egin behar izan zitzaion, enpresak ez zuelako eskaera bermatzeko beharrezkoa den txatarra kopururik”. Era horretan, Azpeitiko lantegia bezeroak galtzen ari dela diote: “Esaterako, gure bezero garrantzitsuenetako batek, Cifer enpresak, konpetentziari erosten dio orain”.

Produkzioa, geldituta

Gallardo taldearen asmo bakarra langile guztiak kaleratzea dela diote, eta gainontzeko guztiak “bost axola” diola. Azpeitiko lantegian, berriz, esan dute azken egunotan “nahasmendua" dela nagusi: “Zuzendaritza lana egiten duenik ez dago; aurreko zuzendaritzako kide batzuk, antza, informazio pribilejiatuarekin joan egin dira. Gallardok, berriz, txatarra gehiago ez ekartzeko agindua eman du, eta txatarraren parkea itxita dago. Azpeitian ez da gehiago ekoiztuko“. Nagusiak “lantegia hiltzen uzten” ari direla salatu dute langileek.

Azpeitiko lantegia ixteak ehunka familiarengan eragingo duela ere salatu dute, eta herrian eta eskualdean “ondorio larriak” ekarriko dituela. “Baina ezin dugu onartu Adegik, Jose Migel Aierzaren bitartez, egoera honen erantzukizuna sindikatuoi leporatzea”, esan dute langileen ordezkariek. “Hiru epai izan dira gure alde; horrek erakusten duen bakarra da: enpresak beti inposatu egin duela eta ez duela negoziatu. Adegik nahi duen lan harremanetarako ereduan ez dago lekurik langileen borroka duinarentzat”.

Gallardok erabakitako bukaera “desindustrializazioaren” erakusle dela nabarmendu dute; horregatik, erakunde publikoei “arduraz jokatzeko” eskatu diete. Azpeitiko Corrugados langilez hustuko duten arren, langileak ez daude amore emateko prest: “Borrokan segituko dugu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.