Gipuzkoako Ogasun diputatu Jabier Larrañagak 2014ko errenta aitorpenari buruzko datuak eman ditu gaur, eta "balorazioak geroko" utzi ditu. Bilduren Foru Gobernuak diseinatutako zergen datuak jakinarazi ditu EAJko gobernu berriko diputatuak. Ogasunak 30 milioiko saldoa lortu du bere alde 2013ko kanpainarekin alderatuta. Zergadunek 299.350.123 euro jaso dituzte (batez beste 1.075), eta 168.488.342 euro ordaindu (batez beste 1.776). Beraz, -130,8 milioko saldoarekin itxi da Errenta zerga, iazkoarekin alderatuz 30 milioirekin Ogasunaren alde (-160 milioi, 2013an).
373.000 aitorpen aurkeztu dituzte zergadunek Gipuzkoan; horietatik 213.000 Ogasunak berak egindako proposamenak izan dira; beste 70.000 errenta mekanizatuaren bidez egin dira; eta gainontzekoa internet bidez. Egindako aitorpen guztien %57 proposamenak izan dira, eta zergadunek jasotakoen %89,5 onartu dituzte. Larrañagak Ogasunaren "eraginkortasuna" nabarmendu du azkartasunean. Lehenengo egunerako jasotzeko aitorpen guztien %77 pagatu ziren, eta bigarren egunerako beste %21.
Aberastasunaren zergari dagokionez, 8.035 zergadunek kasik 59 milioi euro pagatu dituzte 2014ko jarduerei dagokienez; aurreko urtean baino bi milioi euro gehiago pagatu dituzte 200dik gora zergadun gehiagok. Batez beste 7.322 euro pagatu dituzte. Larrañaga diputatuak berretsi du Fortuna handien zergaren erreforma mahai gainean dagoela, eta "harmonizazio handiagoa egon dadin" aurrera eramango dutela. Oraindik, ordea, ez dago datarik.
Aberastasunaren zergak 2014an nola funtzionatu duen azaltzeko eskatu diotenean, Ogasun diputatuak "denbora" eskatu du balorazio sakonagoak egiteko, baina jakinarazi du 2013an zerga hori pagatu zuten hainbat zergadunek ez dutela pagatu aurten —beste lurralde batera aldatuko zirelako edo—, eta talde horrek 3,7 milioi pagatu zituela 2013an. Zergadun berriak ere egon dira, ordea, 2014an, eta horiek 1,7 milioiko ekarpena egin dute.
Oro har, baina, Jabier Larrañagak Errenta zergaren datuak onak direla esan du, "besteak beste iruzurraren aurkako borroka medio dela", eta badirela beste aldagai batzuk aztertzeko, esate baterako 2011tik gero eta gutxiago direla errenta aitorpenak.