LANGABEZIA

229.555 behargin zeuden lanik gabe Euskal Herrian 2012 amaieran

Gaindegiak gaur plazaratutako datuen arabera, langabezia tasa %15,7koa zen iazko urte amaieran.

2013ko urtarrilaren 24a
11:53
Entzun

2012. urte amaierako langabezia datuak argitaratu ditu gaur Gaindegiak. Horien arabera, 229.555 langabe zeuden iazko abendu bukaeran, eta langabezia tasa "inoizko altuena" izan zen: %15,7. Gaindegiaren arabera, azken hiruhilekoan langabezia tasa "bereziki altua" izan zen Araban (%18,1).

Bestalde, gaur ezagutarazi ditu INE Espainiako Estatistika Institutuak langabeziari buruzko iazko datuak. Horien arabera, 215.400 behargin inguru zeuden lanik gabe 2012 amaieran Hego Euskal Herrian; 2011n baino 39.400 bat gehiago.

Herrialdeka, %18,3 zeuden lanik gabe Araban 2012. urte bukaeran—29.000 behargin inguru—; %17,15 zeuden Nafarroan eta Bizkaian —52.600 bat Nafarroan eta 94.300 inguru Bizkaian; Gipuzkoa izan zen langabezia tasa apalena izan zuena urte amaieran: %12,59 —39.500 bat behargin—.

Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin zuen langabeziak iazko azken hiruhilekoan, eta hazi egin zen Araban eta Nafarroan. Bizkaian 800 behargin gutxiago zeuden lanik gabe, eta Gipuzkoan, berriz, 1.200 langile. Araban, iazko azken hiruhilekoan 7.100 langabe gehiago zeuden aurreko epearekin alderatuta; Nafarroan, berriz, 6.400 behargin gehiago zeuden lanik gabe azken hiruhilekoan.

Espainian ia sei milioi

5.965.400 pertsona zeuden lanik gabe urte amaieran Espainian, INEren arabera. Langabezia tasa %26,02ra iritsi da han. Beraz, hamar puntuko aldea dago Euskal Herriko eta Espainiako langabezia tasaren artean. Europako Batasunean 10,5 puntukoa izan zen langabe tasa urte amaieran, eta, beraz, lau puntu handiagoa da langabe tasa Euskal Herrian Europako Batasunaren aldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.