Oraingoz, ezbeharraren zergatia argitzerik ez duela izan azaldu zuen Osalanek eta, horretarako, ikerketa abiatu duela gaineratu zuen. Navas Climatizacion enpresako langilea zen hildakoa. Bi hilabete inguru zeramatzan lanpostuan, hirugarren mailako ofiziale gisa.
Atzokoarekin, ELA eta LAB sindikatuen zenbaketaren arabera, 69 dira urtea hasi denetik Euskal Herrian lanean hildako beharginak.
Kalean salatzeko deia
Bilbon hildako langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzeak egingo dituztela iragarri zuten atzo ELAk, LABek eta CCOOk, bakoitzak bere aldetik. Bihar izango dira guztiak. 11:30ean egingo dituzte kontzentrazioak CCOOk eta ELAk istripua gertatu zen eraikinaren aurrean eta LABek, berriz, 12:00etan egingo du, Autonomia kalea eta Trenbidearen Etorbidearen arteko bidegurutzean.
Heriotza salatzeaz gain, hitz gogorrak izan zituzten sindikatuek administrazioa eta enpresaburuen aurka. ELAk istripuen arrazoiak «aski ezagunak» direla deitoratu zuen: behin-behinekotasuna, trebakuntza falta, segurtasun neurrien falta, azpikontratazioa eta «azken batean, prekarietatea». Hori ikusirik, «bilera hutsalak deitzea» ezertarako balio ez duela gogorarazi zion administrazioari, herenegun Jaurlaritzak Confebask, CCOO eta UGTrekin izandako batzarraren harira.
LABek ere hitz eta keinu hutsekin ezer ez dela lortzen gogoratu eta «neurri eraginkorrak» eskatu zizkien erakundeei prekarietatearekin amaitzeko. Eta azpimarratu zuen «enpresetan eta ez paperetan gauzatu» behar dela.
CCOOk, berriz, nabarmendu zuen gazteek izan dituztela azkenaldian lan istripu gehien, eta arazoari aurre egiteko «ekintza bateratua» beharrezkoa dela gaineratu zuen.
Lanean hildakoak
69
Urtea hasi denetik. 10 langile hil dira Araban, 19 Gipuzkoan, 10 Nafarroan eta, atzokoarekin, 30 hil dira Bizkaian.Lan osasuneko bilera. CCOO UGT, Confebask eta Jaurlaritza bildu ziren herenegun lan osasunaz aritzeko. ELAk eta LABek «iruzurra» deritzote bilerari.