Zamudioko parke teknologikoko Ingeteam Power Technology enpresak 250 langilek osatzen duten lantaldearen gehiengoari eragiten zion aldi betarako enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu zuen, ilbeltza bukatzear zela. Industry negozio adarrean arazo produktiboak zituela argudiatuta hartu zuen erabakia zuzendaritzak. Orain, berriz, atzera egin du erabaki horretan, eta dosierra kendu.
Enpresa eta langileen ordezkarien artean izandako kontsulta epealdian ez zen adostasunik lortu otsailean. Epealdi horretan langile batzordearen helburu nagusia Industry adarraren "benetako egoera ezagutzeko dokumentazioa lortzea izan zen", ELA sindikatuaren arabera, "baina enpresak ez zuen aurkeztu dosierra arrazoitzeko dokumentazioa".
ELAk enpresaren proposamenaren aurkako txostena plazaratu zuen orduan, eta helegitea jarri zuen epaitegietan. "Txostenean baliatutako argudioak bere egin zituen Lan Ikuskaritzak". Dosierrerako kausalitaterik ez zela eta enpresak ez zituela bere betebeharrak formalki bete esan zuen Lan Ikuskaritzak, eta epaitegien prozedura baliogabetzeko aukerari erreparatu zion.
Azkenean, langile batzordearen eta Lan Ikuskaritzaren aurkako jarrera kontuan hartuta, enpresak aldi baterako dosierra bertan behera uztea erabaki du.