AEBetako Balio Merkatuen Batzordearen araudiaren arabera, Google-k 60 egun ditu burtsara ateratzeko, eta jakinarazpena atzo egin zuenez, ekainaren 28an amaitzen da epea. Akzioen zati bat Googlek berak igorri eta salduko du, eta bestea, beste akzionista batzuk. 105,6 milioi dolarreko irabazi garbiak izan zituen iaz enpresa horrek.
Googleren erabakiak itxaropena sortu du AEBetako goi mailako teknologien alorreko enpresetan; izan ere, Interneteko enpresek loraldi handia izan zuten 90.eko amaieran burtsara irten zirenean, baina gero burbuila tankera hartu eta erori egin ziren. Google enpresa sendoa da analista ekonomikoen iduriko, eta uste dute hura burtsara ateratzeak Interneteko enpresen sendotzea ekar dezakeela.
Burbuilaren fenomenoa errepika ez dadin, zuhur jokatuko dutela iragarri dute Googleko ardurdunek, eta, halaber, orain arteko independentzia gordetzen saiatuko direla. Esate baterako, irabazien berri ez dutela hiruhilabetero emango aurreratu dute. "Epe laburreko lorpenei begira dagoen zuzendaritza bat, dietan egon eta ordu erdiro pisatzen den pertsona bat bezain alferrikakoa da", agertu dute Googleren sortzaileek. Hala ere agertu dute badakitela burtsara irtetzearekin batera irabaziak handitzeko presioak areagotuko zaizkiela.
1998an sortu zen Google, Menlo Parken (Kalifornia), eta denbora gutxien munduko Interneteko bilatzailerik erabiliena bihurtu zen. Nolanahi ere, enpresa horretako arduradunek oso ondo gorde dituzte beti eurei buruzko xehetasunak, eta, esaterako, berriki jakin da 20 milioi dolarreko balioa duela.
Ekonomia
2.700 milioi dolarreko akzio eskaintza egingo du Googlek burtsara ateratzeko
Googlek, Interneteko bilatzailerik handienak, burtsan kotizatzen hastea erabaki du. AEBetako Balio Merkatuen Batzordeari jakinarazi dionez, 2.700 milioi dolarreko akzio eskaintza egingo du, eta Nasdaq-en zein New Yorkeko burtsan kotizatuko du. Enpresako arduradunek agertu dute badakitela burtsara irtetzearekin batera irabaziak areagotzeko presioak jasoko dituztela, baina, hala ere, betiko "espiritu independenteari" eusten saiatuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu