Globalki pentsatuz tokian-tokian aritzea beharrezko ikusten du sindikatuak. Hala, iaz bezala, eskualdeka egingo ditu mobilizazioak, Nafarroa Beherean ez beste herrialde guztietan. Ainhoa Etxaide idazkari nagusia Bilbon izango da. Ernai gazte antolakundeko ordezkariek hartuko dute hitza protestetako batzuetan.
Egoera salatzeari emango dio lehentasuna aurten LABek. Krisia "iruzurra" ari da izaten Etxaideren esanetan. Azaldu du krisia hasieran bertan izan zela lehen iruzurra. "Inor ez zuten haren arduradun egin, eta langileok hartu behar izan genuen ardura". Etxaiderentzat, ardurak denen artean partekatu behar zirela esatean egon zen beste iruzurra. "Langileok ordaindu ditugu kalteak. Krisiak, gainera, ekonomia erreala eraman du aurrean, eta espekulatzaileek bidea egiten jarraitu dute". Krisiaren aurrean hartutako neurrietan ere ikusi du iruzurra. "Momentuko egoerari aurre egiteko zirela esanez, erreforma estrukturalak egin dituzte, eta eredu soziala goitik behera aldatu dute".
Aurtengo Maiatzaren Lehena ere bi iruzurren artean egokituko dela dio LABek. Hazkunde ekonomikoarena da horietako bat. "Ez dago hazkunde ekonomikorik, ekonomia ez da hobetzen ari". Gaineratu du "zentzugabeko sistema" dela gaur egungoa. "Hazkundea lotzen da gure prekarietatearekin. Orduan zenbat eta gehiago indartu ekonomia, prekarietate gehiago izango da: aberastasuna ez da banatuko". Etxaideren arabera, beste iruzurra politikoa da. "EAJk hasieratik esan du aurrena krisia, eta gero erabakitzeko eskubidea. Baina guk erabaki behar dugu krisitik nola atera, ez elite ekonomikoek".
Erabaki hitza bi aldiz agertzen da LABek aurtengo Maiatzaren Lehenerako aukeratutako leloan. Izan ere, sindikatuarentzat erabakitzeko eskubidea eztabaida politiko, sozial eta ekonomikoaren erdian dago gaur egun, bai mundu mailan, bai Europan, bai Euskal Herrian. "Euskal Herriak erabakitzeko, langileok protagonista izan behar dugu; burujabetza behar soziala da langileontzat", adierazi du Igor Arroio LABeko Nafarroako arduradunak.
Azken urteetan, 2011n salbu, nork bere aldetik ospatu izan dute Maiatzaren Lehena ELAk eta LABek. Alabaina, Maiatzaren Lehenean batasun sindikalaz ere hitz egingo dela esan du Etxaidek. Halaber, gogoratu du hilabete amaieran gutun soziala onartuko dutela eta han izango direla bi sindikatuak.