Atenasko gobernuak "oinarrizko mugarri" batzuk lortu ditu bere erreformetan, eta, horri esker, Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsak 2.800 milioi euro emango dizkio hirugarren erreskatearen barruan. Urriaren 10ean Euroguneko finantza ministroek Grezia egiten ari den ahalegina ebaluatu zuten, eta diru kopuru hori askatzeko oniritzia eman zuten.
Diru kopuru hori bi zatitan iritsiko zaio Greziari. 1.100 milioi euro zorra pagatzeko emango diote Atenasi. Beste 1.700 milioi euroak atzerapenak ordaintzeko zabalik duen kontu zehatz batera joango dira.
Alexis Tsiprasen gobernuak egin dituen erreformen aldeko urratsek asebete egin ditu Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsa, hartzekodunak alegia. Besteak beste, pentsioen erreforman indarrean sartu diren azken aldaketak eta estatuaren hondasun ugari pribatizatzeko funtsaren sorrera dira Tsiprasen eskaintza nagusiak.
Dagoeneko 31.700 milioi euro jaso ditu Atenasek hirugarren erreskateari dagokionez. 86.000 milioi euro arteko funtsa dauka programak. Europak 173.500 milioi euro eman dizkio jadanik Greziari aurreko bi erreskateak eta hirugarrenetik igorritakoa kontuan hartuz.