Datorren asteazkenetik larunbatera, 29 herrialdetako 568 enpresa hartuko ditu Barakaldoko Bilbao Exhibition Centrek, Ferroformaren XIX. ekitaldian. Azokaren antolatzaileen esanetan, ez dira garai errazak burdinazko erreminta, brikolaje eta industria hornikuntzarako enpresentzat. Horregatik, aurtengo ekitaldia «berezia» izatea nahi dute, iragana eta etorkizuna bereiziko dituen puntua, hain zuzen.
«Sektoreak eta sektorearentzat» egindako azoka dela nabarmendu du Jose Angel Corres BECeko kontseilari ordezkariak. Parte hartuko duten enpresen erdiak Hego Euskal Herrikoak eta Espainiakoak izango dira, eta beste erdiak handik kanpokoak; %30 Europako gainontzeko herrialdeetakoak, %5 Ameriketakoak eta %16 Asiakoak eta beste leku batzuetakoak. Eskuko erremintak eta erreminta elektrikoak fabrikatzen dituzten enpresak izango dira laurdena baino gehiago, eta industria horniduran eta lanerako babesak ekoizten aritzen direnak ia beste horrenbeste.
Ekoizleak ez ezik, erosleak ere izango dira azokan. Corresen arabera, ahalegin handia egin dute horretan, eta 40 herrialdetako 300 pertsona esanguratsuren baietza lortu dute. 300 lagun horiek erosteko eta eragiteko duten gaitasunagatik dira ezagunak sektorean. Izan ere, «ez da erakusleiho soil bat izango», Fernado Bautista batzorde aholkulari teknikoko presidentearen hitzetan. «Sektorea nola dagoen ikusita, jendea negozio aukerak eta eskaintzak aprobetxatzera etortzea nahi dugu».
29 herrialdetako 566 enpresa hartuko ditu Ferroformak datorren astean
Erakusleiho soil bat izan beharrean, negozioak eta erosketak egiteko lekua izatea ere nahi dute azoka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu