Hamalau hilabeteanjarraian jaitsi ostean, abenduan aldatu egin da Euriborraren joera. Gaurko datua kontuan hartu gabe, %1,242an dago hileko batez bestekoa. Azaroan baino zertxobait gorago amaituko du beraz, orduan %1,231 egin baitzuen. Hala ere, horrek ez du esan nahi hileko kuotak garestitu egingo direnik. Hipoteka urtean behin berritzea izaten da ohikoa, eta, horretarako, aurreko urteko indizearekin egiten da konparaketa. Kontuan hartuta iazko abenduan indizea %3,452an zegoela, 30 urteko epean 160.000 euroko hipoteka dutenek 190 euro gutxiago ordaindu beharko dute aurrerantzean. Hau da, 2.280 euro aurreztuko dituzte urtebetean.
Abenduko igoerak atzetik gehiago ekarriko ote dituen da askoren galdera. Adituen arabera, jaisteko tarte txikia du dagoeneko, eta baliteke 2010ean gora egitea. Baina hala gertatuz gero ere, antzeko mailan ibiliko da, iaz egindako goiko errekorretatik urrun. Izan ere, interes tasen arabera funtzionatzen du Euriborrak, eta ez dirudi Europako Banku Zentralak haiek igoko dituenik, ezbehintzat datorren urte erdi aldera arte.
Krisiari aurre egiteko Jean Claude Trichetek jarraitutako estrategiaren barnean kokatzen da interes tasen jaitsiera. Hain zuzen, horrek eragin du urtebetean hipotekak hainbeste merkatu izana. %4,25ean zegoen diruaren prezioa 2008ko urrian, eta %1ean dago orain. Euriborrak %5,248 amaitu zuen hila orduan, eta %1,242an abenduan.
Jaitsiera horrek, batez ere, luzera begira ordaintzeko hipotekak dituztenei egin die mesede. 50 urtean ordaintzekoa dutenek, kasu, ia %35 gutxiago pagatu beharko dute 2010ean; hau da, orain artean hilero 614 euro, eta aurrerantzean, 400 euro. Finantza erakundearekin 40 urteko epea hitzartu zutenek 666 euroko kuota zuten abendura bitartean; berritu ostean, 463 eurokoa izango dute, %30 txikiagoa.
Euriborra ez ezik, etxeen prezioa ere jaitsi egin da azken urtebetean. INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, aurtengo hirugarren hiruhilekoan, iaz baino %10,43 gutxiago balio zuen metro koadroak Araba, Bizkai etaGipuzkoan. Nafarroan, %10,13 jaitsi dira prezioak. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta ere behera egin dute, %1,96 eta %2,57 hurrenez hurren. Horrek erakusten du salneurrietan beheranzko joera dela nagusi oraindik.
Hego Euskal Herriko hiriburuei erreparatuz gero, etxe berri nahiz bigarren eskukoen batez bestekoa aterata, 3.903 euro balio zuen metro koadroak Donostian; Bilbon, 3.149 euro metro koadroak; Gasteizen, 2.425 euro; eta Iruñean, 2.148 euro. Joan den urtean, hurrenez hurren, 4.020 euro balio zuen metro koadroak Donostian; 3.695 euro Bilbon; 2.813 euro Gasteizen; eta 2.632 euro Iruñean.
Hala ere, saltzaileen arabera, Euriborraren eta prezioen jaitsiera ez da aski izan salmentak suspertzeko. INEren datuen arabera, urteko lehen bederatzi hilabeteetan 16.574 etxe salerosi dira Hego Euskal Herrian. Iaz, epe berean,21.200 izan ziren eskuz aldatutako etxeak; %20 gehiago, beraz.
30 urtean ordaintzeko hipotekak 190 euro merkatuko dira
Euriborrak %1,242ren bueltan amaituko du abendua, azaroan baino zertxobait gorago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu