Ekonomia

3.000 lagun elkartu dira Baionan lan erreformaren aurka

Manifestazio jendetsua egin dute sindikatuek deituta, eta bukatzerakoan Merkataritza eta Industria Ganbera (MIG) okupatzen saiatu dira erreformaren kontrako kolektiboko kideak. Hamabortz lagunek barnera sartzea lortu dute, eta MIGeko buruekin bildu dira, baina emaitzarik lortu gabe.

Lan erreformaren kontrako manifestazioa, gaur, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA
maddi ane txoperena iribarren
2016ko apirilaren 28a
07:23
Entzun

Lan erreformaren kontra mobilizatzen hasi zirenetik hirugarren mobilizazio jendetsua egin dute Baionan. Greba orokorra deitua zuten gaurko, eta sindikatu ugarik bat egin dute deialdiarekin. Bertan ziren CGT, FO eta FSU sindikatu nagusiak, Turbomeca eta Dassault enpresetakoak, ospitaleko langileak, trenbideetakoak eta LAB tartean den lan erreformaren kontrako kolektibokoak, bertzeak bertze. Ez da azken bi protestak bezain jendetsua izan, baina 3.000 bat lagunek egin dute manifestazioa, halere.

Protesta ez da ohi bezala prefeturan bukatu, ordea. Lan erreformaren kontrako kolektiboak aitzina egitea erabaki eta Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberara arte egin dute martxa. MIGen egoitza okupatzea zuten asmoa, baina polizia bertan zuten zain iritsi direnerako. Bultzaka lortu dute hamabortz lagunek barnera sartzea, poliziak borra kolpe batzuk emanagatik. Ganberako zuzendaritzak bilkura bat egitea proposatu die protestan zirenei, eta bilkura egin dute. Barnean asanblea bat egitea zen kolektiboko kideen helburua, baina ez dute lortu.

Maiatzaren 1ean hurrengoa

Lan erreforma bertan behera gelditu arte segituko dute protestek, eta emana dute hurrengo hitzordua: maiatzaren 1ean eginen dute protesta, bertzeak bertze Baionan, Maulen eta Ziburun. Lan erreformari buruzko eztabaidak maiatzaren 3an segituko du Frantziako Parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.