MURRIZKETAK

30.000 milioi euroren murrizketak iragarri ditu Hollandek

Frantziako presidenteak telebista kate batean egindako elkarrizketan baieztatu duenez, Hezkuntzak, Justiziak eta Segurtasunak salbu, gainerako ministerio guztiek izango dituzte murrizketak. Erreforma fiskala aurrera aterako duela esan du. 

Berria.info
2012ko irailaren 10a
11:32
Entzun

Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak hartzeko gaitasun falta leporatzen dio eskuineko oposizioak François Hollanderi. Kritika horiei aurre egiteko, bart gauean elkarrizketa bat eman du Frantziako presidenteak TF1 katean, eta, telebistak ikusle gehien duen orduan, azken hiru hamarkadetako murrizketarik gogorrenak iragarri ditu. 

"Herrialdea, lana eta lehiakortasuna berreskuratzeko agenda" aurkeztu du Hollandek. Hazkunde ekonomikoa aski apala dela ikusirik (%0,8), murrizketa zorrotzak aplikatuko ditu presidente sozialistak: 33.000 milioi euro aurreztu nahi ditu datozen bi urtean. Hezkuntzak, Justiziak eta Segurtasunak salbu gainerako ministerio guztiek murrizketak izango dituztela baieztatu du Hollandek, 10.000 milioi eurorenak. Beste 10.000 milioi euro Frantziako familiek ordainduko dituzte, eta gainerako 10.000 milioiak, berriz, enpresen ordainketa osagarrietatik aterako dira.

Frantzian hiru milioi langabe inguru daude. Egoera horri aurre egitea lehentasuna izango dela esan du Hollandek. Urtebetera langabezia tasaren joera aldatuko duela hitzeman du presidenteak. Horrez gain, erreforma fiskala aurrera atera nahi du PSko buruzagiak. 

Gobernuburu sozialistaren helburu nagusia defizita % 3ra jaistea da, eta hori lortzeko neurrietako bat aberatsen gaineko zerga izango da. Milioi bat euro baino gehiago irabazten dutenei % 75eko zerga berezia ezarriko zaie. Zerga horrek bi urteko iraupena izango du. Hala ere, Hollanderen hitzetan, "errenta txikienei beherapen sistema bat ezarriko zaie". Enpresa handienek eta aberatsenek gehiago ordainduko dutela baieztatu du presidenteak. Hala ere, erreforma fiskalak gehienbat klase ertainengan eragingo du. 

Presidente hautatu zutenetik telebistan egindako lehen elkarrizketan, Hollandek "abertzaletasuna" agertzeko eskatu die ekonomia alorreko elite eta enpresariei, Frantziako ekonomia suspertzen laguntzeko. Haren esanetan, Frantziak bi urte behar izango ditu ekonomia krisia gainditu eta aurrera egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.