Ez dakite zer topatuko duten bihar Alfuseko langileek ia urtebeteren ondoren Bediako lantegira (Bizkaia) itzultzen direnean. 2013ko martxoaren 23an, lantegiaren jabetza duen FCC Ambitok lana erregulatzeko espediente bat aurkeztu zuen hamasei langileren aurka, eta erabaki horren aurka hasi zuten beharginek greba mugagabea. Baina muga jarri diote, bihar bertan, 306 egun greban egon ondoren lanera itzuliko baitira. “Ez dakigu barrura sartzen utziko diguten ere, posible baita enpresak gu lanera itzul gaitezen nahi ez izatea”, azaldu du Gontzal Eguskitza langile batzordeko kideak. Izan ere, epe honetan guztian negoziatzeko jarrerarik erakutsi ez izana leporatu diote langileek FCC Ambitori, eta susmoa dute lantegia amortizatuta eduki ondoren hura saltzeko asmoa edukitzea.
Lantegia, ordea, bideragarria dela diote beharginek. Ia urtebeteko epe honetan bezeroen eskaerei erantzuten aritu dela zehaztu dute, azpikontratatutako enpresen bidez lan eginez. “Esan liteke greba eskubidea ere urratu egin digutela”. Edonola ere, lanera itzultzeko asmoak helburu zehatz bat dauka: FCC Ambitok lantegiaren alde apusturik egiten ez baldin badu, interesa erakuts dezakeen beste inbestitzaile batek martxan dagoen lantegi bat topa dezan.
Langileak, edonola ere, greba hasi zuten garaiko aldarrikapen berberekin itzuliko dira lanera. Kaleratutako langileak bueltan onar ditzatela eta hitzarmen kolektibo “duin” bat negozia dezatela. Gainera, FCC Ambitoren jarrera ere salatu nahi izan dute. Izan ere, Bilboko lan arloko epaitegiak enpresak egindako kaleratzeetatik hamabi legez kanpokotzat jo zituen. Eta, hala ere, langileekin “elkartu eta eztabaidatzeari uko” egin diela salatu dute. Jarrera “harro” hori Eusko Jaurlaritzaren aurrean ere erakutsi zuen euren ustez, langileekin hitz egitera esertzeko eskatu ondoren ere ez baitzuten horretarako keinurik egin. Are gehiago, enpresaren bideragarritasuna eta murrizketa neurriak “zentzuzko” egiten zituen langileen proposamena helarazi zion Lan Sailak enpresari. Hau da, erretiro aurreratuak, eta irteera ez-traumatikoetan oinarritutako plana.
Horregatik uste dute enpresa amortizatutzat jotzen duela FCC Ambitok. Baina bideragarria dela uste dute, eta uste dute krisiak jotako eskualdeari itxitako beste enpresa bat ez gehitzea dela zentzuzkoena. Horregatik, Arratiako biztanleei dei egin die Bediako plazatik lantegiraino egingo duten mobilizazioarekin bat egiteko. 11:00etan izango da. Ia urtebeteko grebari amaiera emango diote horrela, baina mobilizazio egutegi berri bati eutsiko diotela ere argi utzi nahi izan dute. Hilaren 23rako ere greba eta mobilizazio eguna iragarri dute, enpresaren bideragarritasuna aldarrikatzeko.