LANGABEZIA

314 langabe gehiago Hego Euskal Herrian azaroan

INEMen datuen arabera, langabezia tasa %0,35 igo da, %7,16ra arte

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Azaroan batez beste 90.537 lagun zeuden izena emanda INEMek Hego Euskal Herrian dituen bulegoetan. Aurreko hilean baino 314 lagun gehiago dira, beraz.

Langabezia ez da, ordea, herrialde guztietan igo. Nafarroan %1,72 jaitsi da 288 langabe gutxiago eta %2,44 Araban 232 pertsona gutxia-go. Gipuzkoan ere igoera apala izan du langabeziak: 54 langabe edo %0,26 gehiago. Bizkaian, berriz, igoera nabarmena izan da, 780 lagun gehiago baitzeuden INEMen zerrendetan, urrian baino %1,82 gehiago.Bizkaiak du langabezia tasa handiena (%8,34). Emaitza hobeak eta berdintsuak dituzte Arabak (%6,20), Gipuzkoak (%6,36) eta Nafarroak (%6,37). Orotara, 90.537 lagun daude lanik gabe eta INEMeko bulegoetan izena emanda. Joan den azaroan baino ia 2.000 lagun gutxiago, baina iragan ekainean baino 4.200 gehiago. Izan ere, udaz geroztik handitzen joan den langabezia, nahiko apal izan bada ere.Herrialdeka ere, azken hilabeteko joera antzematen da urtebeteko datuen arabera: langabeziak behera egin du Nafarroan (-%6,6) eta Araban (-%9,33), berdintsu dago Gipuzkoan (-%0,57), eta gorantz doa Bizkaian (+%1,31).

Erreakzio on eta txarrak

Nafarroako Gobernuak oso pozik hartu zituen datuak, langabezia tasa «minimo historiko» batera jaitsi zelakoan. «Horrek erakusten du bide onetik goazela», adierazi zuen Alberto Catalan gobernuko bozeramaileak.

Nafarroako CCOOk ere ziurtatu zuen datuak «onak» zirela, batik bat emakumeen eta gazteen langabezia murriztu delako. Sindikatu horrek dioenez, «Nafarroako Enplegu Planaren» eta lan negoziazioetan egin dituen «ahaleginen» ondorio dira emaitzak. «Ezin dugu ahaztu langileak ahalegin handiak egiten ari direla malgutasun neurriak onartzeko industrien desagerpenari aurre egiteko».

Oso bestelako erreakzioa izan zuen Damaso Casado UGT Euskadiko idazkari nagusiak. Haren iritziz, lan merkatua «abiadura azkarrean hondatzen ari da». Horren aurrean, administrazioaren, enpresaburuen eta sindikatuen arteko elkarlana eskatu zuen. «Irtenbidea bilatu behar dugu, enplegua egonkorrago eta enpresentzat produktiboago izan dadin, era hartara lehiakorragoak izango garelako», esan zuen.

Langabe gehiago Espainian eta Alemanian

Espainian ere igo da langabezia: aurreko hilean baino 32.262 langabe gehiago zeuden azaroan, hots, 1,94 gehiago. Espainiako langabezia %8,98koa da. Espainiako Gobernuak ontzat jo ditu datuak, langabezia igo den arren, Gizarte Segurantzako kopuruak gora egin baitu: 128.596 afiliatu gehiago azaroan, 678.511 urtean eta 16.866.901 guztira. Honez gero, pentsionista bakoitzeko 2,46 lagun daude Gizarte Segurantzan kotizatzen.

Alemanian, 4,36 milioidira langabe, azaroan 32.000 gehituz. Sasoiaren araberako konponketak eginik, 18.000 langabe gutxiago daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.