J.J.V.J 34 urteko langilea hil zen atzo Santurtzin (Bizkaia), Zamakona ontziolan. Goizean gertatu zen ezbeharra. Aldamio batetik atzeraka erori zen langilea,eta istripua izandako tokian bertan hil zen. Lankideek aurkitu zuten haren gorpua, biltegi baten barruan. Istripua Zamakonan gertatu bazen ere, hildakoa Dimon enpresarentzat aritzen zen. Muntaketak eta instalazioak egiten ditu enpresa horrek, eta Zamakona ontziolak azpikontratatuta du.
Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egingo du langile batzordeak bihar, 12:00etan hasita, ontziolaren aurrean. Gaitzespen adierazpenak egin dituzte sindikatuek ere. LABen arabera, ez dira lan istripuak saihesteko behar adinako neurriak hartzen. Eta, atzo bertan, Santurtzin langile bat hiltzeaz gain, Gasteizko Laskaray enpresan beste hiruk erredurak izan zituztela esan du.
CCOOk enpresaburuei eskatu die prebentzio legea betetzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzari esan dio lan ikuskaritza sailaren eta Osalan erakundearen esku baliabide gehiago jartzeko. Izan ere, haren esanetan, beharrezkoa da lantokietako segurtasun neurriak zorrotz zaintzea. UGTk ere segurtasun handiagoa aldarrikatu du, eta gertatutakoa ikertzeko eskatu du.
Atzokoa ez da Zamakonan lanean ari zela hildako lehen behargina. Joan den urtean, beste batzendu zen, orduko hartan Pasaian (Gipuzkoa). Hark ere azpikontratatutako enpresa batentzat egiten zuen lan, Resining, Felipe, Gomez y Otros izeneko galdaragintza enpresarentzat,hain zuzen.
34 urteko behargina hil da Santurtziko portuan aldamio batetik erorita
Zamakona ontziolak azpikontratatutako Dimon enpresan egiten zuen lan hildako langileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu