34.000tik gora profesional izan dira makina erremintaren 27. azokan

Profesionalak eta enpresak pozik daude, espero baino jarduera komertzial handiagoa izan delako

Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Makina-erremintaren Biurteko Azokak iraun duen sei egunetan —atzo bukatu zen—, sektoreko 34.000 profesional baino gehiago pasatu dira Barakaldoko BEC Bilbao Exhibition Centre erakustazokatik. Azokaren 27. ekitaldiaren balioespen baikorra egin dute enpresek eta profesionalek, espero baino jarduera komertzial handiagoa izan delako, eta atzerriko bisitarien etorria nabarmen handitu delako: %9, duela bi urteko ekitaldirekin alderatuta.

Aurtengo azoka «industriako enpresen benetako topagunea» izan dela nabarmendu du Jose Ignacio Torrecilla Espainiako Makina-erremintaren Ekoizleen Federazioko presidenteak. Elkarteko bazkideei egindako galdeketaren arabera, azokan produktuak erakutsi dituzten hamar fabrikatzailetatik bederatzik uste dute aurreko ekitaldia bezain ona edo hobea izan dela aurtengoa, eta lautik hiruk uste dute hemendik aurrera hazi egingo direla.

Azokara 25 herrialdetako 1.171 enpresa etorri dira euren produktuak erakustera, eta 56 herrialdetako 34.000tik gora profesional, haiek ikusi eta erostera. «Indar eta koordinaziorako gaitasun erakustaldi bikaina», Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuaren arabera. Hurrengoa, 2014ko ekainaren 2tik 7ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.