3.500 langabe gehiago urrian

Hego Euskal Herrian langabezia %2,22 igo da irailetik urrira eta %42 urtebetean, INEMek emandako datuen arabera

jakes goikoetxea
Donostia
2009ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Langabeziak ez du etenik. Iazko urritik aurtengora, ia 50.000 lagun gehiagok eman dute izena Espainiako Enplegu Institutuan (INEM). Hazkundea %42koa da, eta INEMek zerrendatutako langabeak 164.326 dira. Irailetik urrira 3.500 langabe gehiago daude, %2,22 gehiago.

Langabezia probintzia guztietan handitu da. Hazkunde handiena Nafarroan izan du: %3,70. Irailetik urrira langabezia gutxitu egin zen bertan, oso gutxigatik izan bazen ere.

Langabeziak hazkunde ikusgarria izan zuen iazko urtearen amaieran eta aurtengoren hasieran. Orain gora egiten jarraitzen du, baina ez duela urtebeteko proportzioan. Hala ere %40tik gora hazi da probintzia guztietan.

1. Sexua

Hego Euskal Herrian INEMen bulegoetan izena emanda daudenen sexua aintzat hartuz gero, probintzia guztietan gehiago dira emakumeak gizonak baino, baina aldea ez da handia. Langabezian dauden emakumeak langabeen %51 inguru dira, bai Hego Euskal Herrian, bai probintzietan.

Duela urtebeteko datuekin alderatuz gero, INEMen zerrendetan daudenen artean gizonen proportzioa asko handitu dela ikus daiteke. Iazko urrian emakumeak %57 ziren Araban eta Gipuzkoan, eta %54 Bizkaian eta Nafarroan.

Iazko urritik aurtengora ia 50.000 langabe gehiago daude INEMen arabera. Bost langabe berritik hiru gizonak dira eta bi emakumeak.

2. Sektorea

Langabe kopuru handiena zerbitzuen sektorean dago probintzia guztietan: %64 Araban, %62 Bizkaian, %61 Gipuzkoan eta %57 Nafarroan. Hala ere, iaztik langabezia gutxien hazi den sektorea da: %35. Gainerako sektoreetan langabeziaren hazkundea %50etik gorakoa izan da: %59 industrian, %57 eraikuntzan eta %54 nekazaritzan.

Irailetik urrira langabezia murriztu egin da industrian Araban eta Gipuzkoan. Hala ere, Eustatek emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak iaz baino %20 gutxiago produzitu zuen irailean.

Langabeen %5ek ez zuten lanik INEMen izena eman aurretik.

3. Adina

Hego Euskal Herrian INEMen izena emanda duten hamar lagunetik batek 25 urte baino gutxiago ditu.

4. Atzerritarrak

Atzerritarrak Hego Euskal Herriko langabeen %12 dira. Langabe atzerritarren kopurua %63 handituda urtebetean: iazko urrian 12.607 ziren, eta aurtengo urrian 20.589.

Urtebetean bikoiztu egin da atzerritar langabeen kopurua zerbitzuetan, industrian eta nekazaritzan. Eraikuntzan hazkundea %55 izan da.

5. Gizarte Segurantza

Urrian batez beste 1.207.781 langile egon dira izena emanda Gizarte Segurantzan Hego Euskal Herrian, irailean baino 6.690 gehiago (%0,5) eta iazko urrian baino 43.781 gutxiago (%3,5).

6. Erreakzioak

LABek erakundeei leporatu die ez daukatela borondaterik langabeziari aurre egiteko. Sindikatuarentzat horren erakusle dira hartutako erabakiak eta onartutako aurrekontuak.

Euskadiko CCOOk erakundeei eskatu die eutsi diezaietela langabezian geratu direnen eta laguntzak amaitu zaizkienen babes neurriak, «enplegua benetan suspertu arte».

Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroa baikorra da: atzo iragarri zuen «hilabete gutxian» langabezia datuak hobetu egingo direla eta 2010eko bigarren erdian enplegua sortuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.