Presidenteari idazten diot lelopean, zuzenki Nicolas Sarkozyri, postaren pribatizazioari buruzko desadostasuna adierazteko aukera izango dute herritarrek aste guztian. Larunbatean hasi zen kanpaina, eta Sud sindikatukoPatrik Frantsesenaren hitzetan, «jendeen erantzuna oso baikorra izanki», hiru orduz 3.600 gutun bidali zituzten Lapurditik eta Nafarroa Beheretik. Gutun horien bidez, «urriaren 3ko herri galdeketaren emaitzen errespetatzea, estatus aldaketaren lege proiektuaren ezeztatzea, debate publiko eta herri galdezketa baten antolatzea» eskatu diote herritarrek Frantziako presidenteari.
Hain zuzen, aste honetan da eztabaidatuko Frantziako Senatuan postaren estatus aldaketari buruz. Orain arte publikoa den zerbitzu hori sozietate anonimo bilakarazteko proiektua du Gobernuak. Estatus aldaketak postaren pribatizazioa ekarriko duela diote hainbat egiturek. Ipar Euskal Herrian, LAB, CGT-FAPT, FO-COM, Sud-PTT eta Solidaires sindikatuek, Attac elkarteak eta NPA alderdiak dute osatzen postaren pribatizazioaren aurkako komitea. Talde horien lehen ekimena izan zen urrian postaren pribatizazioari buruz eginikako herri galdezketa. Frantzian bi milioi herritarrek parte hartu zuten, eta horietatik %98k desadostasuna adierazi zuten. Sarkozyren partetik erantzunik ez izanki eta «herritar iniziatibari buruzko gobernuaren mespretxua ikusirik», gutun bidalketaren bidez, mugimendua segitu nahi du ekimena antolatu duen komiteak.
Senatariei presioa
Sarkozyri bidaltzeaz gain, tokiko senatari guztiei bidali die gutun bat komiteak, urrian eginiko galdeketan herritarrek adierazi desadostasuna oroitarazi eta kontutan hartzea eskatuz. Hain zuzen, Ipar Euskal Herrian kasik bederatzi mila lagun postaren pribatizazioaren aurka agertu ziren herri galdeketan, hots, kasik parte-hartzaile guztiak.
«Senatariak baserri munduko zerbitzuei atxikiak direnez, gauzak aldatzea espero dugu; aste honetan ikusiko dugu...», dio Frantsesenak.
Bestalde, Senatuan eztabaidan ariko diren bitartean, pribatizazioaren aurkako komiteak aste guztian elkarretaratzeak antolatuko ditu goi ganberaren aurrean, haien hitza entzunarazteko.
3.600 gutun bidali dituzte postaren erreformaren aurka, Iparraldean
Frantziako Senatura eraman dute protesta posta zerbitzuaren «pribatizazioaren» aurkakoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu