Zertan da Euskadi txostenaren zenbaki berri bat aurkeztu du gaur BBVA Researchek Bilbon. Ekonomiaren hazkundea aurreko urtekoaren azpitik egongo da datozen bi urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hain zuzen ere, 2016an %2,4 eta 2017an %2,5 haziko dela kalkulatu du bankuaren ikerketa atalak. Hori bai, 1981-2014 urteen artean erkidegoak izan duen batez besteko hazkundea —%1,6 izan zen— gaindituko da.
INE Espainiako Estatistika Erakundearen datuetan oinarrituta, bilakaera horrek enpleguan izango duen isla aurreikusi dute. Bi urtetan 37.000 lanpostu garbi sortuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Enplegu tasaren hazkundea bultzatuko du horrek, baina, hala ere, lanpostu kopurua 2008 urteko hasieran zegoenaren azpitik jarraituko du, %8 inguru.
Langabezian ere aurreikuspenak plazaratu ditu BBVAk. 2017. urtea amaitzen denerako langabezia tasa —INEren EPA inkestaren arabera neurtuta— %10 baino txikiagoa izango dela uste du, %9,6 hain zuzen ere. Kalkulu horretan ziurgabetasun handiagoa dagoela onartu du Rafael Domenech Ekonomia Garatuetarako bankuaren ekonomista buruak, besteak beste populazio aktiboaren bilakaera aurrez ikustea zaila delako. Iragarpena beteko balitz, tasa krisiaren aurretik zegoena baino %4 handiagoa litzateke.
'Brexit'-aren itzala
Kalkulu guztiak eginda daude Erresuma Batuko hautesleek herrialdea Europako Batasunetik kanpo egotearen alde bozkatu baino lehen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nolako ondorio zuzenak izan ditzakeen ez da kontuan hartu aurreikuspenetan. Banatzeko prozesua aparteko trabarik gabe bideratuko balitz, heldu den urtean EBko ekonomiak eta Espainiakoak hiru hamarren inguru gal ditzakete. Antzeko zerbait izan liteke EAEn. Hots, posible litzateke hazkundea gehiago murriztea, eta %2ren bueltan geratzea.
"EAE ez dago Erresuma Batuarekin arrisku handienak dituztenen artean, baina merkatu garrantzitsua da", azaldu du Domenechek. Turismo aldetik ez da espero eragin handirik, baina esportazio gehien jasotzen dituen laugarren herrialdea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioen %6tik gora doa Erresuma batura. 2014 urtean 1.384 milioi euro izan ziren.
Espainian bizi den ziurgabetasun politikoak ere ondorioak izan ditzake hazkundean, BBVAren arabera. Azken finean, bi ekonomien arteko "interdependentzia" dagoela ohartarazi du Domenechek. Aurten ziurgabetasun horrek Espainiako hazkundeari hiru hamarren kendu dizkiola uste du, eta, egoera bideratzen ez bada, 2017an bederatzi hamarren izan litezke.