Euskal langileen segurtasunik eza ez da apaltzen ari lan itunei dagokienez, nahiz eta enpresa askoren egoera hobetzen doan gutxika. Sindikatu eta patronalaren arteko ezin ulertuak kopuru eskandalagarriak utzi ditu maiatzean lan hitzarmenen atalean. Sektoreko itunik ez da egon urteko bosgarren hilabetean. Enpresa hitzarmenak hamasei izan dira, eta haiek 1.851 langile hartu dituzte eraginpean.
Lan baldintzak bermatzen dituen hitzarmenak egiteko erritmoa, ordea, ez da nahikoa euskal lan merkatuan hedatu den segurtasunik ezari buelta ematen hasteko. Izan ere, 385.945 langile hitzarmena berritzeko zain daude edo hura iraungita daukate; hau da, negoziazio kolektiboaren menpekoen %70,3 egoera ahul horretan daude.
Batez beste, %0,69ko soldata igoera
2015eko urtarriletik maiatzera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratutako hitzarmenek soilik 31.471 langile hartu dituzte euren babesea. Itun horietan islatzen den batez besteko soldata igoera %0,69koa da. 2015eko maiatzean urte arteko inflazioa %0koa da. Gainera, zerbitzuen sektoreko portaera ona izan da, eta industria produkzioaren urte arteko igoera %5,4koa izan da.
Halaber, enplegu zerbitzu publikoei jakinarazitako kontratazioaren urte arteko igoera %11,6koa izan da maiatzean, eta, horrenbestez, hazkundea izan du hemezortzi hilabetez jarraian. Enplegu bulegoetan erregistratutako langabeziak %7,6 behera egin du, eta kasu honetan ere hemezortzi hilabetez jarraian egon dira urte arteko jaitsierak. Enplegu erregulazioa ere murriztu egin da: maiatzean 52 dosier aurkeztu ziren, beren eraginpean 303 pertsona hartuta.
Lan gatazkei dagokienez, maiatzean hamazazpi greba egin ziren; 661 pertsonak parte hartu zuten, eta guztira lan egin gabeko 1.052 ordu gertatu ziren; Precon 36 gatazka aurkeztu ziren, eraginpeko 5.106 langile izan zirelarik. Lan gatazkak behera doaz, aurreko urtearekin alderatuta.