«400 euroko laguntza luzatzera behartuta sentitu da Raxoi»

Langabeek salatu dutenez, merkatuan lanik ez egonda laguntza kentzea «ulergaitza» izango zen

Gizarte laguntzen kontra atzo Sestaon egindako protesta. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Sestao
2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
«Hori besterik ez genuen behar, 400 euroko laguntza ere kentzea!», Francisco Javier Maco Barakaldoko (Bizkaia) langabearen esanetan. Asteartean argitu zuen Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak Prepara plana deitutako laguntzarekin aurrera jarraituko zuela, baina «hobetuta». Ezkerraldeko langabeen batzordeak eta Berri-Otxoak gizarte eragileak elkarretaratzea egin zuten atzo, Sestaoko Lanbideren egoitzaren parean (Bizkaia), gizarte zerbitzuen murrizketak salatzeko. Laguntzaren luzapenari buruz zuhurtziaz hitz egin dute, «Alfonso Alonso Kongresuko popularren bozeramaileak esan baitzuen laguntza luzatzen bada ere ez dela behar adina aurrekonturik egongo horretarako». Beraz, egoera zaildu egingo dela aurreratu dute.

Eta ataka zail hori sumatzen zen atzo mobilizazioan bilduta zegoen jendearengan. Miguel Dosali martxoan amaitu zitzaion langabezia saria, eta Prepara planera jo zuen 400 euroko laguntza jasotzeko: «Baina ukatu egin zidaten, nire emazteak jasotzen duen soldatak 60 eurogatik gainditzen dituelako nik 400 euroak jasotzeko baldintzak». Ordaintzeko daukaten hipoteka eta alaba batekin etxean, «oso justu» iristen dira hilabete amaierara. Eta aurrerantzean lana lortzeko aukera urriak ikusten ditu. «Inon ez dago lanik; nola egongo da ba? Erdiko klaseari kontsumitzeko ahalmena kendu diote, eta orain BEZa igoko dute. Ulergaitza da». Eta egoerak okerrera egingo duela uste du.

Dosal ez bezala, Mediuni Roua laguntza jasotzen ari da ekainaz geroztik. Bi urte daramatza langabezian, hamahiru urtez eraikuntza sektorean aritu ondoren. «Hemengo garai onak ezagutu nituen, bai; orain faltan sumatzen dut garai hori», dio. Hark ere zailtasunak dauzka lana topatzeko, teorian horretan lagundu beharko lukeen 400 euroko laguntza jasotzen badu ere. «Lana bilatzeko laguntzen dutela 400 euroek? Nola? Lan bila joan eta inon ez dago ezer eta! Jendea kalera botatzen ari dira», dio. Gainera, ozta-ozta irauten duela dio. «Lana bilatzeko baino gehiago, jan ahal izateko laguntza bat da. 100 edo 200 euro gastatu behar ditut gasolinan ezer ez topatzeko?», galdetu du. Curriculumak han eta hemen utzi dituela aitortu du, baina uste du ez duela ezertarako balio.

Laguntzak ematen jarraituko dutela-eta lasai dagoen arren, azaroan amaituko zaio laguntza. «Ordurako zer edo zer topatzea espero dut», dio.

Rouaren ondotik, Macok dio bera okerrago dagoela: «Ez baitaukat ez laguntzarik, ezta langabezia saririk ere; Espainiako Estatuarentzat ez naiz existitzen, ezta zenbakietan ere». Amak utzitako dirutik bizi da, baina diru iturririk ez duen jende asko dagoela gogorarazi du. «Eta haiek zer egin behar dute? Laguntza kendu izan balute, egin beharko ez liratekeen gauza asko egingo zituzten, egon ziur. Beraz, laguntza hori luzatzera behartuta zegoen Raxoi, bestela, alternatiba okerragoa izango litzatekeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.