40.000 milioi bankuentzat

Bankiaren erreskateak biderkatu ditu laguntza publikoak, 19.000 milioi euro gehiago eskatu ondoren

Ivan Santamaria.
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Dagoeneko 40.000 milioi euro bideratu ditu Espainiako Gobernuak finantza erakundeei laguntzeko. Orain arte erabili den dirua bikoiztuko du Bankiak atzo egin zuen eskaerak. Nazionalizatutako bankuak 19.000 milioi euro gehiago jartzea galdegin dio gobernuari. Dirua lortzeko arazorik ez du izango, Bankiaren egoera onbideratzeko «behar beste diru» jarriko dela iragarri baitu asteon Luis de Guindos Ekonomia ministroak. 40.000 milioi euro orain dela gutxi hezkuntzari eta osasunari egindako murrizketaren halako lau da.

Jasotako laguntza zenbait arlotan banatu beharko du Bankiak. Eraikuntzako maileguak estaltzeko horniduretan eta kapitalean 8.475 milioi euro behar zituela kalkulatu zuen hasieran, baina, azkenean, 12.745 milioi euro izango dira. Beste kredituen estaldura handitzeko, 5.500 milioi jarriko ditu. Azkenik, balantzeetako beste aktiboen balio galerari aurre egiteko eta onbideratzeko, 6.700 euro milioi dira. Ekintza guztien efektu garbia 19.000 milioi dira, eta taldearen oinarrizko kapital maila %9,6an kokatuko da amaitzean.

Ekonomia Ministerioak prest zituen aurreikuspenak, eta egutegia hankaz gora jarri du Bankiaren anabasak. Orain dela bi aste osasuntsuak ziren eraikuntzako kredituen hornidura handitzeko plana aurkeztu zuen. Banku batzuek euren kasa kapitala lortzeko arazoak izatea espero zuen, eta horiei laguntzeko maileguak iragarri zituen, %10eko interes baten truke. De Guindosen arabera, 15.000 milioi baino gutxiago jarri beharko zituzten. Bada, Bankiaren eskaerak txiki utzi du kalkulu hori, eta, gainera, ez da mailegu bat izango, kapital handitze baten bidez bankuan duen jabetza handituko baitu gobernuak, trukean interesik kobratu gabe.

Gobernuak beti defendatu du laguntza publiko horiekin ez dela dirua galduko. Behin bankuaren egoera onbideratzen denean, akzio horiek merkatu prezioan saldu eta irabaziak izango dituela ere argudiatu du.

Haatik, finantza erakunde batzuen etorkizunari buruz zalantza asko daude. Bankiatik aparte, beste hiru banku nazionalizatuta ditu gobernuak. Hiruren artean 2.280 milioi euro garbi behar dituzte azken dekretua betetzeko. Diru hori azkenean gobernuak jarri beharko du berriro, eta baliteke are gehiago izatea.

Gobernuaren hasierako asmoa nazionalizatutako erakunde horiek — Banco de Valencia, CatalunyaBanc, eta Novacaixagalicia — enkante baten bidez salgai jartzea zen. Galiziakoa izan ezik, beste biak adjudikatzeko prozedura abiatuta zegoen, baina orain litekeena da atzeratzea, hornidura berriek erosle posibleak urduri jarri dituztelako.

Egoera ikusita, beste aukeraren bat aztertzeko prest legoke Raxoiren gobernua: Novacaixagalicia eta CatalunyaBanc elkartuko lituzke Bankiarekin, banku publiko handi bat sortzeko. Behin-behineko neurri modua azalduko luke gobernuak, finantza sistemaren ajeak ezabatu arte.

Bateratzeko laguntzak

Finantza sistemari emandako diru laguntzak Bankuak Berregituratzeko Funtsaren (FROB) bidez bideratu ditu Espainiako Gobernuak. Hasieran aurrezki kutxen arteko bateratzeak bultzatzeko laguntzak eman zituen. Guztira, 9.300 milioi euroizan ziren.

Merkatuetan finantza sistemaren inguruko mesfidantzak bere horretan jarraitzen zuela ikusita, bankuei eta kutxei oinarrizko kapitala indartzeko exijitu zien gobernuak. CatalunyaBanc, Novacaixagalicia eta Unnimek ez zuten euren kasa dirua lortu, eta gobernuaren eskuetan geratu ziren, FROBek 4.750 milioi jarri ondoren. Bestalde, CAM porrotetik libratzeko esku hartu zuen Espainiako Bankuak. Laguntza eta bermeetan 5.250 milioi bideratu ziren.

Bankiari dagokionez, atzo eskatutako diruari aldez aurretik FROB funtsak emandako beste 4.465 milioi gehitu behar zaizkio. Orotara, 23.465 milioi jasoko ditu bankuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.